Saharako herria bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Iruñean
2025-ko urriak 29
Saharar herriaren askatasunaren eta duintasunaren aldeko borroka aldarrikatu dute gaur Iruñean egindako elkarretaratze batean. Fronte Polisarioak salatu du Ameriketako Estatu Batuek Segurtasun Kontseiluari aurkeztutako ebazpen-proiektu berria, eta argi utzi nahi izan du ez dagoela onartzerik “saharar herriaren etorkizuna bere kabuz erabakitzeko eskubidea murriztuko duen edozein irtenbide inposatu nahi izatea”.
“Ez dugu parte hartuko Marokoren legez kanpoko okupazioa legitimatu nahi duten prozesuetan, autodeterminazioa ez baita negoziatzen”, adierazi dute.
Jarraian, jakitera eman dute Fronte Polisarioak bake-proposamen bat aurkeztu diola NBEko idazkari nagusiari non berriro berresten du “prest dagoela Marokorekin zuzenean elkarrizketan aritzeko, baldin eta benetako borondatea badago irtenbide justu eta iraunkor bat lortzeko”.
“Gogorarazi nahi dugu, ordea, egiazko bakea ezin dela eraiki okupazioaren edo isiltasunaren gainean, baizik eta justiziaren, nazioarteko legalitatearen eta herrien askatasunerako eskubidearen errespetuaren gainean”, adierazi dute Iruñeko Gazteluko Plazan.
Segurtasun Kontseiluari eta nazioarteko komunitateari “ausardiaz jokatzera” eskatu diete “Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete daitezen exijitzera, eta saharar herriaren autodeterminazio eta independentzia eskubide ukaezina bermatzera”.
