“Gimeno kanpora!”: Irakasle, ikasle eta LAB sindikatuaren haserrea lehertu da Nafarroako hezkuntza politiken aurka

Hezkuntza Departamentuko kudeaketa salatu dute Ikamak, LABek eta hainbat ikasle-eragilek: “Gimeno oztopo da hezkuntza publiko, euskaldun eta komunitario bat garatzeko”

2025-ko urriak 9

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren dimisioa eskatu dute ozenki hainbat eragilek. Irakasleek, LABek eta Ikama ikasle mugimenduak gaitzetsi dute Gimenoren agintaldian hezkuntzaren kalitateak eta lan-baldintzek izan duten gainbehera. Horrez gain, autoritarismoa, elkarrizketarik eza eta hezkuntza pribatizatzeko joerak salatu dituzte.

“Ez du ezer hobetu, eta okerrera egin dugu”

Sei urte daramatza Gimenok Hezkuntza Departamentua zuzentzen, eta eragileek salatu dutenez, denbora honetan ez da aurrerapausorik izan ez kalitatean, ezta langileen baldintzetan ere. Are gehiago, ikasturte honetan haserrea handitu da, “ez duelako entzungo gaituen lidergorik erakutsi”.

“Ez gaituzte entzuten, ez da negoziaziorik, ez da konponbiderik. Autoritarismoan oinarritutako jarrera da nagusi,” adierazi dute LAB eta Ikamaren ordezkariek.

Azken urteetan mobilizazio ugari egin dituzte, ratioak jaisteko, erosahalmena berreskuratzeko eta lan-karga arintzeko. Baina Gobernuaren aldetik, haien esanetan, “inposizioa” izan da erantzun bakarra.

Hezkuntza publikoaren degradazioa arlo guztietan

Eragileek salatu dute egoera larria dela Nafarroako hezkuntza-arlo askotan. Hala nola, 0-3 zikloan eta hizkuntza-laguntzaile eta hezkuntza bereziko esparruan dagoen prekarietatea, ikastoletan eta itunpeko eskoletan azpifinantziazioak langileen lan baldintzetan duen eragina eta Lanbide Heziketan Dualaren araudi berriak “kaosa” eragin duela ere salatu dute…

Euskara, ikasleak eta datuen salmenta ere jo puntuan

Ikasleek, bere aldetik, hainbat salaketa nabarmendu nahi izan dituzte. Euskararen Legeak eta inposatzen duen zonifikazioa, protesta politikoen aurrean ematen den erantzun “autoritarioa” eta Hezkuntza Departamentuak “ikasleen datuak multinazional teknologikoei saldu” dizkiela.

Gimenoren dimisioa eta Chivite-ren erantzukizuna eskatu dute

Hau guztia dela eta, eragile hauek Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chiviteri Gimeno kargugabetzea esktu diote: “Ez dugu onartuko harrokerian oinarritutako kudeaketa kaltegarria. Gimenok ez du beharrezko mailarik, eta Chivitek kargugabetu behar du.” Haien esanetan, zerbitzu publikoen aurkako diskurtsoen aurrean, hezkuntza publiko sendo eta komunitarioa da alternatiba bakarra.

Gehiago