Lanbide Heziketan izandako tutoretza orduen murrizketen aurkako greba ez dute baztertzen irakasleek
Zikloka astean lau tutoretza ordu izatetik, ordu bakarra izatera igaro izana salatu dute Txantreako Virgen del Camino ikastetxeko irakasleek. Lanbide Heziketako lan baldintzak eta irakaskuntzaren kalitatea jokoan dela ohartarazi dute.
2025-ko irailak 12
Iturria: Euskalerria Irratia
Haserrea nagusi Lanbide Heziketako irakasleen artean. Ikasturte honetan Lanbide Heziketa Dualaren erreformaren ondorioz, tutoretza orduak murriztuko ditu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Iragan ikasturteetan, astean, lau ordu zituzten irakasleek ziklo bakoitzeko, ikasleen eta praktiketako enpresen arteko lotura egiteko, baita ikasleen jarraipena egiteko ere. Alabaina, ikasturte honetatik goiti, ordu bakarra izanen dute ziklo bakoitzeko ikasle saldoaren jarraipena egiteko.
Tutoretza orduen murrizketarekin batera, aurten praktikak egin behar dituzten ikasleen kopuruak goiti eginen du. Izan ere, erreformaren ondorioz, lehen zikloko ikasleek ere egin beharko dituzte praktikak haien ikastaroari loturiko enpresetan. Horrek enpresen eta ikasleen arteko bitartekaritza lana egiteko, edota praktiken garapenari jarraipena behar bezala egiteko ezintasuna eragin die irakasleei.
Horrekin batera, giza baliabideen murrizketa ere nabarmendu dute. «Enpresetan praktikak eginen dituzten dozenaka ikasleren prestakuntzaz ari gara, eta astean ordubete baino ez dugu koordinazio lana egiteko. Ezinen dugu ziurtatu ikasle horiek behar bezala gainbegiratuak izanen direnik, ezta prestakuntzak galdegiten duen kalitate-mailari eutsiko diogunik ere» azaldu digu Txantreako Virgen del Camino ikastetxeko irakasle batek. Irakasleen kexen aitzinean, giza-baliabideak LH Dualeko eredu berrietara nola egokituko diren azaltzeko ihardespen argirik ez du eskaini oraindik Nafarroako hezkuntza Sailak.
Ez da lehen aldia Txantreako Virgen del Camino I.I.P. zentroko irakasleak karrika hartzen dutela arazo hau plazaratzeko. Iragarri duten bezala, mobilizatzen jarraituko dute eta Iruñerriko beste hainbat zentrotan ere irakasleak antolatzen hasiak dira.
