Sanferminetako pankartak, aktualitatearen erakusleihoa: Erorien monumentoa, BSH, Palestina, etxegabetzeak, HTX…

2025-ko ekainak 26

Larunbat honetan Iruñeko karriketan Peñen Eguna ospatuko da eta gaurko agerraldian aurkeztu dituzten arren, aurtengo pankartak ikusteko lehenengo aukera izanen da. Urtero bezala, Iruñeko gaurkotasun politikoko gaiak ikus daitezke bertan: herri palestinarrarekiko elkartasuna eta gerraren aurkako mezuak, turistifikazioa, Erorien Monumentuaren polemika, eraso sexisten aurkako mezuak, LGTBI kolektiboaren ahalduntzea, Hatortxurock jaialdiaren azken edizioa, etxebizitza eta etxegabetzearen inguruko kritikak…

Larunbata honetako egitarauari buruz, aipatzeke peñak 9:00etan hasiko direla beren kaldereteak prestatzen Zezen Plaza ondoan. 10:30ean hasiko da azoka solidarioa. Bertan izango dira BDZ, Yala Nafarroa eta Salam-Gaza elkarteak, Orreaga fundazioa eta Dravet sindromea. 11:00etan pankartak fisikoki aurkeztuko dira kailejoian. Hauek 13:00ak arte egongo dira. 11:30ean haurrentzako antzerkia eta jolasak izango dira. 12:00etan elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egingo da Sanferminetan ematen diren eraso sexistak salatzeko. Elkarretaratzea amaitu ondoren, Jaiak txarangak vermouth ordua girotuko die bertaratzen direnei. Bazkari herrikoia 14:30ean izango da, eta, hori amaitutakoan, kontzertuak eskainiko dira: El Gran Ritxarson, Alarma Morea eta Eztitan.


Sanferminetako Peñen egitaraua

Sanferminei begira Peñek antolatzen dituzten jarduerak ere aurkeztu dituzte. Ados Pilotak antolatzen duen emakumezkoen pilota txapelketa uztailaren 5ean eta 11an ospatuko da Labrit pilotalekuan. Bestetik, Labrit pilotalekuan ere erremonte txapelketa egingo da uztailaren 9, 10 eta 11n. Uztailaren 8an, Germanen omenezko ekitaldi tradizionala egingo dute SF78rekin batera.


Eraso sexisten aurkako protokoloa

Iruñeko Peñen Federaziotik argi eta garbi utzi nahi izan dute ez dutela ez eraso sexistarik ez bestelakorik onartuko. “Azken hilabeteetan zehar, federazioa osatzen dugun peña guztiok lan egin dugu eraso sexistak prebenitzeko eta, gure guneetan baten bat gertatuz gero, aurre egiteko. Horregatik, beste behin azpimarratu nahi dugu Federazioko peña guztiak emakumeentzako gune seguruak izango direla, eta prest gaudela behar izanez gero, erasotzailea edozein dela ere, jarduteko”, adireazi du Rakel Arjol presidenteak.

Bestalde, desgaitasun desberdinak dituzten pertsonak ere ez dituzte ahaztu nahi eta peñak “egunetik egunera irisgarriagoak” izateko lanean ari direla nabarmendu du Arjolek.

Gehiago