Irakasleek Sakanan, Leitzaldean eta Larraunen mobilizatu dira hezkuntza publikoaren kalitatearen alde
2025-ko martxoak 12

Hezkuntza publikoaren alde lelopean, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egin dute gaur goizean Leitzaldean, Sakanan eta Larraunen irakasle kopuru handi batek, eta Altsasun, Irurtzun eta Leitzan elkarretaratzeak egin dituzte.
Ikasturte honetan, dagoeneko hiru greba egun egin dituzte irakasleek, baina «Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia» ikusita, Hezkuntza publikoaren alde lelopean, eskualdeka banatuta, lanuzteak eta batzarrak egiten ari dira Nafarroako eskualde ezberdinetan.

Batzarretan hezkuntzaren egoera aztertu eta zonaldeko irakasleen egoera eta ekintza proposamenak partekatu dituzte. “Batzar aretoak bete ditugu eta irakasleek hitza hartu dute. Gaurko batzarretan hainbat gai atera dira: landa eskolen egoera, gela unitarioek duten zailtasunaz gain baztertuak sentitzen baitira; bajen kudeaketen arazoak, hainbat plaza ordeztu gabe geratzen direlako denbora luzeegian; PT eta orientatzaileek dituzten ratio altuak, kalitatezko arreta ematea asko zailtzen dutenak; inklusioaren izenean irakasleoi eskatzen zaizkigun tresna berrien inplementazioa, -IDUaren modukoak- dagoeneko lan kargaz lepo gaudenean, etab. Honek guztiak irakasleon bakardadea eragiten du eta indar kolektiboa kentzen digu. Honen jakitun batzar hauek probesten ari gara denon artean kezkak partekatu eta erabakiak hartzeko”, dio sindikatuek kaleratu duten oharrak.

Sindikatuek batzar hauetan bildutakoa Hezkuntza Departamentuari helaraziko diote, eta, aldi berean, negoziatzeko borondateari eutsiko diote. Datorren martxoaren 19an, Zangoza eta Pirinio zonaldean batuko dituzte indarrak goizeko 9:00etatik 11:00etara eginen diren lanuzteetan eta Zangotza, Agoitz eta Garraldan egingo diren elkarretaratzeetan.