Ernaik Euskal Herrian espainolismoaren ikurra den Osborneren zezena eraitsi du urriaren 12ko bezperetan
Sare sozialen bidez aldarrikatutako ekintza baten bidez, Ernaik jakinarazi du Tuteran Osborne etxearen zezena eraitsi duela. Bihar larunbata Tafallan “españolismo eta faxismoaren aurkako” manifestazioa eginen du gazte antolakundeak.
2024-ko urriak 11
2015. urtean ere gauza bera egin zuen Ernaik, Hispanitatearen Egunaren aurretik. Gazte antolakundearen iritziz, zezen hauek “espainolismoaren sinboloak dira”.
“Ez dugu espainolismoaren goratzea egiten duen sinbolorik nahi, Euskal Herria antifaxista bere luze-zabalean aldarrikatzen jarraituko dugu”.
“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko bihar urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi utziko diegu”.
Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatuko du gazte antolakundeak. Nazio bat baina aitortzarik ez duena, eta askotan elementu erreakzionarioen erasoak pairatzen dituena aldaketa sozial eta politikoei aurre eginez. “Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan handiak dira gauzatzen ari diren aldaketa sozial eta politikoak, eta horien aurreko erreakzioa da eskuinak hartutako jarrera bortitza; geroz eta euskaldunagoa, ezkertiarragoa eta feministagoa den Nafarroa baten aurrean, Madrildik datozen aginduekin erreakzionatzen dute”, dio Ernaik.
“78ko erregimena” nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera “faxismoaren oldarraldi baterako agertoki bikaina” dela uste du gazte antolakundeak. “Dagoeneko, gorakada horren ondorio batzuk bizitzen ari gara: “cara al sol” abesten Tuteran, gure ikurren debekua Atarrabian, jai herrikoi eta euskaldunak debekatzen Lizarran, VOXen gorakada hauteskundeetan, euskararen meritua legez kanporatua osasungintzan, eta abar luze bat”.
Urriaren 12an eginen den mobilizazioa bultzada berri bat bilakatu nahi dute aldaketa politiko eta sozial horren norabidean. “Bultzatu dezagun hamaika ertz desberdinetatik herri honen eraikuntza. Nafarroan, urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, irabazteko baizik. Antifaxismoak irabazteko, Euskal Herria irabaztera goaz!”. Egun osoko egitaraua prestatu du Ernaik Tafallan: manifestazioa, kontzertuak, bokatak salduko dira…