Hezkuntzaren kalitatea bermatzeko negoziazio bat ematen ez bada, irailaren 26an greba deituko dute sindikatuek
Nafarroako Hezkuntza Publikoko sindikatu guztiek 2024ko irailaren 26an unibertsitateaz kanpoko irakasle guztientzako greba deialdia iragarri dute. "Gure txanda da, eta planto egin beharra diogu Hezkuntza Departamentuaren eta Gobernuaren erantzun faltari", adierazi dute.
2024-ko ekainak 28
Amaitzear dagoen ikasturte honetan, Hezkuntzaren sindikatuak negoziatzeko prest agertu dira eta hezkuntza publikoko irakasleentzat hobekuntzak lortzen saiatu dira. Sindikatueen hitzetan lan gainzama, gehiegizko ratioak, erosahalmenaren galera eta plantillen ezegonkortasuna dira dituzten arazoak, eta horiek sistemaren kalitatean eragina dutela azpimarratu nahi izan dute.
Sindikatuen iritziz, Jimeno kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak euren eskaerei “benetako prestutasunez” erantzun behar dute, orain arte hala egin ez dutelako. “Hezkuntza Departamentuarekin egindako bilera guztietan erantzun bera jaso dugu sindikatuok: irakasleen eskaerei heltzeko aurrekonturik ez dagoela. Irailean 2025erako Nafarroako aurrekontuaren osaera abian jarriko denez, ekiteko unea dela uste dugu eta Gobernuak lehentasuntzat har ditzala hezkuntza publikoko irakasleak”.
Iraila beroa iragarri dute Hezkuntzaren sindikatuek. “Badakigu arazo guztiei aldi berean irtenbidea ematea ezinezkoa dela, baina hori bideratuko duen egutegi bat osa daiteke”, adierazi dute. Irtenbideak bilatzeko asmorik ikusten ez badute, irailaren 26an hezkuntza sistema publikoa geldituko dutela iragarri dute. “Espero dugu kontseilaria eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea, eta aintzat hartzea Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleen eskaerak. Zer nahi dute, 24/25 ikasturtea benetako negoziazioekin hasi, hau da, irakasleen aldarrikapenei erantzunez, ala ikasturte gatazkatsua?”