Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa, urriaren 19an Leitzan
Autogestio espazio "irekiak, asanblearioak eta horizontalak" eraiki nahi dituzten gaztez osaturiko gaztetxe eta gazte asanbladak antolatutako jardunaldiak gaur egun atomizatua eta polarizatua dagoen esparru batean eragin nahi dute.
2024-ko ekainak 21
Hilabeteetako hausnarketa, eztabaida eta harremantze prozesu baten ostean, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladak Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak antolatzea erabaki dute. Urriaren 19an izanen dira, Leitzan.
“Topaketa hauekin, herri ezberdinetako kideak elkartu eta autogestioaren, botere-harremanen, okupazioaren, komunikazio politikoaren edota borroka moldeen inguruan hausnartu (besteak beste), eta tokian tokiko egoera, erronka, oztopo edota proiektuak elkarrekin konpartitzeko elkargune bat proposatzen dugu”, azaldu dute. Leitzan bertan egindako agerraldian, topaketa hauetan formakuntza saio, mahai inguru eta tailer praktiko ugari izango dira.
Topaketa hauek antolatzeko prozesuan hamarnaka gazte ibili dira “modu ireki, asanbleario eta horizontalean”, hala ulertzen baitute gazte asanbladen izaera. “Gaztetxe eta Gazte Asanbladak norbanako anitzez osaturiko espazioak dira (edota hala izan beharko luketela pentsatzen dugu), hau da, ikuspegi estrategiko, ildo politiko edota antolakunde ezberdinetako askotariko norbanakoek hartzen dute parte. Honela, Gaztetxe eta Gazte Asanblada bakoitzaren oinarri ideologiko eta antolaketa ereduarekin bat datorren gazte ororen antolakuntzarako espazioak direla ulertzen dugu; tokian tokiko problematika ezberdinak borrokatu eta alternatiba kolektiboak sortzeko, jakintza kolektibizatzeko, iritzi kritikoa landu eta formakuntza ideologikoan sakontzeko, bestelako aisialdi eredu bat sustatzeko edota elkartasuna, elkarlaguntza eta autogestioa oinarri izanik, bestelako mundu batekin amets egin eta etorkizun berri bat gaurdanik eraikitzen hasteko”, iritzi dute. Topaketak antolatzeko prozesua irekita dagoela eta ahalik eta jende gehienek parte hartzea gustatuko litzaieke, beraz antolaketa prozesuan parte hartzeko interes edo borondatea duen edonork “ateak zabalik aurkituko ditu”, diote.
Atomizazioa, Euskal Herriko gaztetxeen egoera
Une honetan, Gaztetxe eta Gazte Asanblada ezberdinen artean atomizazio edota polarizazio prozesu batean murgildu direla uste dute. “Egoera honi erantzuteko asmoz ere antolatu ditugu Topaketa Nazional hauek. Bien bitartean, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen kontrako ofentsiba etengabeak bere horretan jarraitzen du, inoiz baina indar gehiagorekin eta errepresio mota ezberdinak eguneratuz. Bide batez, Gaztetxeen kontrako erasoak eta Gazte Asanbladetako kideen kontrako jazarpen polizial, juridiko eta ekonomikoa salatu nahi ditugu, errepresioaren aurrean elkartasunez erantzuteko deia luzatzearekin batera”.