‘Erregimena kanpora!’ dinamika aurkeztu dute Ikasle Abertzaleak eta Ernai antolakundeek
“Nafarroako eremu ezberdinetako gazteak gara. Bere pribilegioak mantentzeko edozer egiteko prest dagoen Erregimena ezagutu dugu. Eta nazkatu gara”. Horrela aurkeztu du bere burua Ernaik eta Ikasle Abertzaleek martxan jarri duten ‘Erregimena kanpora!’ dinamikak.
2014-ko azaroak 23
Barcinak lehen lerroa utzi arren, uste dute UPN, PSN, PP, Opus Dei, botere ekonomikoak, UGT eta CCOO sindikatuak, Diario de Navarra, Nafarroako Unibertsitatea… direla “boterean gotortzeko” eta balizko aldaketa “boikoteatzeko” behin eta berriz era guztietako saiakerak egin dituztenak. “Gastu soziala murriztu dute, euskara eta euskal identitatea behin eta berriro erasotu dute, gazteon kontrako errepresioa abiatu dute, Euskal Jai bezalako proiektu autogestionatuak suntsitu dituzte, ideologia atzerakoia zabaldu dute eta ingurugiroa kaltetu dute, Itoiz edo AHTa bezalako proiektuen bitartez”, ohartarazi dute.
Nafarroako jendarteak bizi duen egoera larriaren baitan, gazteak bereziki egoera prekarioan bizi direla adierazi dute: “Gure bizitza autogestionatzeko aukerak itxi dizkigute”. Baina badakite aldaketa ez dela bakarrik etorriko, eta Erregimena “biluzteko” borrokan gazteak “protagonista eta aitzindari” izan behar direla uste dute. Hain zuzen, hori lortzeko tresna gisa aurkeztu dute dinamika, eta herriz herri eta auzoz auzoko ekimen eta jarduera propioetan gauzatuko dute.