Txantreako gazte mugimenduaren erronkak eta urteko ekimenak aurkeztu dituzte

Duela bi urte martxan jarritako dinamika bere fruituak ematen ari da, eta aurtengo kurtsorako helburuak eta erronkak zeintzuk diren azaltzeko hamaika gazte bildu ziren giro paregabean.

2014-ko urriak 22

2012ko maiatzean egindako Topaketetan sortu zen egungo Txantreako Gazte Mugimendua, auzoko gazteen arazo amankomunei alternatibak bilatzeko asmoz.
Bi urte eta erdi ondoren, auzo mailako mugimendu garrantzitsua dago Txantreako Gazte Mugimenduan. 7 lantaldez osatua dago, gazteei eragiten dizkieten gai nagusiak lantzen dituztenak: Aisialdia eta Kultura, Etxebizitza, Euskara, Garunak Astintzen, Ikasle Mugimendua, Komunikazioa eta Lan Mundua. Horiez gain, egitura bateratuak ere baditu.

Pasa den urriaren 17an Txantreako Gazte Mugimenduak bere aurtengo plangintza aurkeztu zion Liburutegian auzoko gazte eta bizilagunei. Iaz Gazte Mugimenduaren egonkortzea eman bazen, aurten auzoko gazteriaren erreferente izate bidean bere potentziala garatzea izango du helburu nagusi. Horretarako base soziala zabaldu, sozializazioa landu eta diskurtso eta eduki propioak garatzeari ekingo dio.

Esan bezala, lantalde ezberdinak problematika ezberdinak lantzen dituzte, eta kurtso honetarako lantalde bakoitzak bere helburuak ezarri ditu. Honela, Aisialdia eta Kulturaren alorrean helburua auzoko gazteriari bere baloreekin bat datorren aisia eskaintzea izango da, koadrilak inplikatuz eta auzoko eragileekin elkarlanean arituz. Koadrilen asanbladak egiten jarraituko dira ere.
Etxebizitzari dagokionez, iaz sortutako Emantzipazio Bulegoa mantenduko da, gazteei emantzipatzeko alternatiben inguruan aholkularitza tekniko eta juridikoa eskaintzen dituena. Euskara lantzeko eta hau gazteen artean errealitate normalizatua izateko, Gazte Mugimendua euskalduntzea izango da helburua.

Garunak Astintzen lantadeak gazteen kritikotasuna sustatzea du helburu eta aurten gazteriarentzako espazio formatiboak irekiko ditu. Lan Munduari dagokionez, egungo sistemaren salaketa eta lanketa teorikoa egiteaz gain, BaraTxan bezalako esparrua landuko da, nahi duten gazteekin.
Ikasle Mugimenduak batez ere Eunate ikastetxean jarduten du eta aurten LOMCE legearen aurkako dinamika garatuko du, iaz honengatik jasotako isun ezberdinei aurre eginez. Lege honi plantoa irudikatzea izango da helburu nagusia.

Bukatzeko, arlo komunikatiboan, Txantreako Gazte Mugimenduak dituen tresnak garatu eta behar izatekotan berrian sortuko dira. Hauen artean webgunea dago, mugimenduaren jarduera islatzen eta zabaltzen duena, webgunean dagoen Pentsakutxa atala (iritzi adierazpenerako espazioa) edota Gazte Mugimenduaren jardueraren jarraipena egiten duten sare sozialak.

Aurkezpena eta gero gazte afaria izan zuten Kaskallueta Elkartean, eta ondoren Skapada taldearen kontzertua.

 

Gehiago