Txantreako Herri Harresiak InfoGunea martxan jarri du Izaskun Juarez eta Ander Maeztu auzotarren epaiketa lantzeko

Irailaren 22an hasiko da Izaskun Juarezen, Ander Maezturen eta Euskal Herriko beste 26 gazte independentistaren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta Txantrean hainbat ekimen martxan jarri dituzte.

2014-ko abuztuak 4

Txantreako Herri Harresia zenbait ekinbide prestatzen ari da epaiketa politikoen amaiera eskatzeko eta irailetik aurrera epaituko dituzten auzoko gazteei elkartasuna adierazteko. Bihar, abuztuak 5, InfoGunea zabalduko dute, adierazi dutn moduan “uda osoan auzoan batetik bestera ibiliko den informazio gunea” alegia. Txantreako igerilekuetako sarreran jarriko dute 16:00etatik aurrera, eta bizilagunei dei egin diete argazki solidarioak egitera joan daitezen. Toki berean batzarra eginen dute 19:00etan, epaiketara bitartean eta ondoren ere eginen diren mobilizazioak zehazteko.

Horrekin batera, Txantreako Herri Harresiak salatu du 35/02 sumarioan berriki emandako epaia, auzoko bi bizilaguni eta Zurgai Kultur Elkarteari eragiten baitie. Floren Aoizi 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta Txekun López de Aberasturi, berriz, absolbitu egin dute. Estatuak Zurgai ixteko ere agindu du.

Herri Harresiak adierazi du Izaskun Juarez, Ander Maeztu, Floren Aoiz eta Txekun López ez ezik auzoko beste hiru bizilagun ere auzipetuta daudela beren militantzia politiko eta sozialengatik, eta aukera baliatu nahi dute auzolagunei eskatzeko antola daitezela eta ekimenetan parte har dezatela.

Gehiago