Libre Eguna ospatuko dute larunbatean Iruñeko Alde Zaharrean
Alde Zaharreko bizilagun Oier Zuñiga eta Amaia Elkanorekin elkartasunez egun osoko egitaraua prestatu dute.
2014-ko apirilak 8
2010eko azaroaren bukaeran Auzitegi Nazionalak euskal gazteriaren aurkako operazio handian ia 40 gazte atxilotu zituen poliziak Segi gazte antolakundkeo kide izatea leporatuta. Horien artean Iruñeko Alde Zaharreko bizilagun Oier Zuñiga eta Amaia Elkano zeuden. Gazte hauen aurkako epaiketa 2013ko udazkenean hasi zen, eta hainbat hilabetez luzatu ostean sententziaren zai daude orain.
Auzoko bizilagun talde batek adierazi du Zuñiga eta Elkano ezagunak direla “auzoko baldintzak hobetu eta eraikitzeko beti oso modu aktiboan” parte hartu dutelako. Beren kontrako froga bakarrak asanbladatan, prentsa agerraldietan zein ekitaldietan parte hartu izana direla salatu dute, eta beraz, beren militantzia politikoagatik epaituak izan direla azpimarratu dute. Gainera, bi gazteek inkomunikazio garaian torturak jaso izana salatu dutela gogorarazi dute.
Absoluzioa
Auzokideek azaldu dute “bakea eta normalizazio politikoa bidean diren garai hauetan epaiketa politiko hauek zentzurik ez” dutela, eta absoluzioa dela auzokideek onartuko duten sententzia bakarra.
Beraz, Zuñiga eta Elkanori elkartasuna eta babesa adierazteko asmoz Libre Eguna antolatu dute larunbat honetarako. Hauxe izango da egitaraua:
- 12:00etan Poteoa Iruña taldetik fanfarrearekin
- 14:30ean bazkari herrikoia Bullicio Peñan
- 17:00etatik aurrera Gaztelu plazan Nafarroako aldaketa politikoaren alde
- 20:00etan Libre Eguneko ekitaldia Zaldi Zurian
- 21:00etan kontzertuak Gora Iruñean: Akort, raperos de Emaus, Skatu eta DJ DodoSound