Talaia Feminista dosierra aurkeztu dute, begirada feminista eta subiranistatik egindako 2023. urtearen azterketa

Behin-behineko dosierra aurkeztu dute, 2023. urteak Euskal Herriko trantsizio feministan eta emakumeengan izandako eragina aztertuz. Otsailaren 17an itxiko dute, Orereta/Errenteriako Talaia Feminista Unean.

2024-ko otsailak 2

Talaia Feminista 2023. urteko behin-behineko dosierra aurkeztu dute talde sustatzaileko kideek
Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 2023ko sei gertakari nagusi hartu dituzte abiapuntu,
eta horietan oinarritutako sei ardatz ditu dosierrak. Horietan jasotakoak emakumeengan
izandako eragina aztertu dute, baita euskal estatu feministaranzko trantsizioan izandakoa ere. 

Otsailaren 17a izango
da behin betiko dosierra osatzeko mugarri nagusia: Talaia Feminista Unea ariketa kolektibo
zabala egingo dute Orereta/Errenteria Lekuonan. Euskal Herriko emakume feminista eta
subiranista oro gonbidatu dute; Talaiafeminista.eus webgunean eman behar da izena, otsailaren 13a baino lehen. 

“Emakume feminista, subiranista eta
independentistak gara; jatorri, eremu eta borroka politiko ezberdinetakoak. Ez gara elkarte
feminista bat, baina feminismotik eta ezkerretik eragin nahi dugu. Euskal prozesu subiranistaren
parte sentitzen gara, eta Euskal Herri feminista bat eraikitzeko konpromisoak gidatzen gaitu”, azaldu du lehenik Amaia Andrieu talde sustatzaileko kideak.



2022ko abenduan Iruñean jarritako mugarria ekarri du gogora: “Euskal Herriaren koiuntura eta
trantsizio feminista aztertzeko urteroko dosier bat egiteko konpromisoa hartu genuen”. Horretan
aritu da talde sustatzailea azken hilabeteetan.

Talaiaren izaera plurala nabarmendu du Andrieuk: “Parte hartu dugun guztiok ez dugu nahitaez
partekatzen dosierrean agertzen den guztia. Desadostasunei eta eztabaida eraikitzaileari lekua
egiten die”. Ordea, filosofia kolektibo, holistiko eta eraldatzaileak batzen ditu: “Kolektiboki aztertu
nahi ditugu inguratzen gaituzten, eragiten diguten eta moldatzen gaituzten gertaerak”. Argi dute
gertaera horiek elkar gurutzatzen direla: “Etengabeko eraldaketan dagoen mundu hau poliedro
konplexu bat da, aurpegi eta ertz askotarikoa, eta horiek elkarrekin estekatuta osotasun bat
osatzen dute, sistema bat”. Sistema horren eraldaketan ekarpena egin nahi du Talaiak, errotiko
aldaketa feministaren ideiak jendarteratuz: “Zentzu eraldatzailea ematen diogu: ez dugu hitz
egitera edo teorizatzera mugatu nahi; aitzitik, espazio baliagarri bat izan nahi dugu ikuspegi
kritiko partekatu bat lantzeko, aliantzak eta subjektu politikoak sortzeko”.

Unetik hedapenera
Maider Barañanok dosierraren nondik norako nagusiak azaldu ditu: “Sei gertakari nagusi aztertu
ditugu: eguraldia eta krisi ekologikoa; azaroaren 30eko greba feminista; bizitza garestitzea;
euskararen aurkako oldarraldia; Rubiales, Mario Lopez, PPDA eta indarkeria matxista; eta
abayaren debekua”. Gai horiek zergatik aukeratu dituzten ere adierazi du: “Patriarkatuaren
hainbat dimentsio (lana, indarkeria, estatua, esfera soziala, ekosistema) loturan jartzeko eta
Euskal Herriaren koiuntura analisi feminista bat egiteko bideak irekitzen dizkigute”. Haren
hitzetan, dimentsio horien arteko loturan dago menderakuntzaren gakoa.

Ardatz horietako azterketek ondorio eta irakurketa komun baterako oinarri argia dute. Hain
justu, zeregin horri helduko diote orain, Idoia Zengotitabengoak iragarri duenez: “Otsailaren
17an, Orereta/Errenteriako Lekuona fabrikan Talaia Feminista Unea egingo dugu, 9:00etatik
14:00etara. Euskal Herriko ehunka emakume feminista eta subiranista batuko gara”. Aurreratu
dutenez, dosierraren azalpen orokorra, ardatz bakoitzeko lantaldeetako hausnarketak, eta
ondorioak jorratzeko plenarioa egingo dituzte. “Edukietan sakontzeko ez ezik, elkartzeko eta
harremanak indartzeko momentua ere izango da”.

Baina otsailaren 17an ez da ezer bukatuko; behin betiko dosierra osatu ostean, hura zabaltzeari
ekingo diote, eragile sozial, sindikal eta politikoekin partekatzeko eta haien agendetan esku
hartzeko. “Eraldaketa feministarako, politika publikoetan esku hartu behar dugu, komunitatean,
hedabideetan, merkatuetan, jendearen sen onean, agenda politiko, sozial eta sindikaletan…”.
Badator, beraz, Talaia Feminista, indartsu eta luzerako

Gehiago