Arrotxapean dagoen ustezko narkopisu baten aurka eta prebentzio baliabideak eskatzeko elkarretaratzea egin RTX Auzolan ekimenak

Narkopisuak auzokideen artean bizikidetza arazoak eragin dituela salatu du auzokideen ekimenak, eta egoera konpontzeko instituzioen esku hartzea eskatu dute, eta esku-hartze soziokomunitarioko talde profesionalaren baliabideak handitzea ere.

2024-ko urtarrilak 19

RTX auzolan ekimenak Arrotxapea auzoak dituen eta pairatzen dituen beharrak ikusarazteko sortu zen, eta topatu duten egoera lazgarri bati ekin diote konponbide bat lortzeko. San Pedroko Monasterio Zaharra kalean narkopisu bat dagoela salatu dute, auzokideen artean elkarbizitza arazoak sortzen dituena. Ez dute ukatzen egoera konplexua dela, eta horregatik administrazio publikoek “behar bezala esku hartu beharko lukete, baina ez poliziaren esku-hartze hutsa, baizik eta bizitza- eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen jarduteko modu baten bidez”. 

San Pedroko Monasterio Zaharra kalean kokatzen da droga saltzen den etxebizitza hori. “Orain arte agintariek beste alde batera begiratu besterik ez dute egin, beren izenean gobernatzen dutela diotenen ongizatea bilatzeko betebeharrari jaramonik egin gabe. Harik eta, zoritxarrez, egun batean prentsak bizilagunok kezkaz salatzen genuen tragediaren berri ematen duen arte”, ohartarazi dute.

Bizilagunen ekimen honek uste du egoera konpon daitekeela “betiere Iruñeko udalak, Iruñeko gobernuak bezala, neurri egokiak hartzen baditu, esku-hartze soziokomunitarioko talde profesionalaren baliabideak handituz”.

Egoeraz ohartarazteko, atzo elkarretaratzea egin zuten hamarka lagunek.

Gehiago