Langileria “modu independentean internazionalki antolatzeko” hautua hartu du GKSk sozialismoa eraikitzeko bidean
"Langileen alderdi iraultzailea" sortu eta "burgesiarekin eta alderdi politikoen sistemarekin" hausteko apustua egiten du bere burua "Euskal Herriko Mugimendu Sozialista" bezala aurkezten duenak, "ikuspegi estrategiko internazionalista" batekin. Hau guztia Burlatan eta Atarrabian egindako Topagune Sozialistaren ondorioak dira.
2023-ko urriak 15
Atarrabian eta Burlatan asteburu honetan Topagune Sozialista egin dute GKSk eta IAk. Sortu eta EH Bilduri leporatu dioten “beto politikoa” gainditu egin dutela eta milaka lagun elkartzea kapazak izan direla azpimarratu nahi izan dute. Atzo, Atarrabiatik abiatu eta Iruñeraino igo zen manifestazio jendetsu batekin eman zioten bukaera Topaguneri. Manifestazio horren bukaeran, hurrengo garaietan zein izanen den euren estrategia publiko egin zuten.
“Dekadentzian eta erasoaldian dagoen klase burgesaren aurrean, langileriaren estatu sozialistaren beharra aldarrikatzera atera gara kalera. Izan ere, gizarte kapitalistaren krisialdiak eszenatoki gero eta larriago batera garamatza eta horren aurrean langileon alternatiba sozialista gorpuztea gero eta urjentzia handiagoa du. Burgesiaren tendentzia autoritarioak ez dituzte alderdi politiko instituzionalek geldituko; soilik langileria modu independentean internazionalki antolatzeko kapaz baldin bagara lortuko dugu sozialismoa eraikitzea”.
Alderdi iraultzailea ikuspegi estrategiko internazionalista batekin
Kapitalismoa krisian dagoela eta joera autoritarioak gero eta nabarmenagoak direla azpimarratu ondoren “munduko langileriaren berme erreal bezala, burgesiaren botere internazionalari aurre egingo dion langileon alderdi iraultzailea sortu” behar dela ondorioztatu dute GKSk eta IAk. Alderdi iraultzaile berri honek “burgesiarekin eta alderdi politikoen sistemarekin” hautsi behar duela “langileon alternatiba sozialista bat” eraikitzeko. Euren burua Euskal Herriko Mugimendu Sozialista bezala aurkezten duten heinean, “konpromisoa osoa” hartzen dute norabide horretan lanean jarraitzeko, eta “alternatiba politikoari ikuspegi estrategiko internazionalista bat” ematea erabaki dute.