GKSk Atarrabian antolatutako Topagunea egiteko baimenik gabe iragarri dutela salatu du alkateak
“Zur eta lur utzi gaitu GKSk egitaraua argitaratzea ekimen horretarako baimena eman ez dugunean”, esan du Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa batean. GKSk uztailean iragarria zuen Topagune honen data eta lekua, baina ordurako bazekiten egiteko baimenik ez zutela jasoko, alkateak esan duenez. Oteizaren esanetan, baimena ukatu diete “Atarrabiak ez baitu espazio irekirik horrelako ekimenak ongi garatzeko”.
2023-ko irailak 20
Urriaren 11tik 15era bitartean Gazte Topagune Sozialistak (GTS) ekitaldi soziokultural jendetsua antolatu du. Burlatako eta Atarrabiako hilerrien artean ospatzekoa da, hain zuen. Iraila hasieran GKSk topaguneko eskaintza eta bertaratzeko sarrerak jarri zituen eskuragarri, baina lehenago, uztailean, data eta lekua publiko egin zituen. Ordurako bazekiten ez zutela baimenik izanen. “Zur eta lur” utzi du egitarauaren iragapenak Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez. “Ospatzea ez zela komenigarria adostu genuen, baina hala ere aurrera jarraitu dute, ekimen horretarako baimena eman ez dugunean”.
Atarrabiako eta Burlatako udalek Topagunerako eskatutako baimenak ukatu dituzte. “Jardunaldiaren tamaina aintzat hartuta eta auzoan zein bizilagunengan izan dezakeen kaltea eta eragina kontuan hartuz” azaldu du Mikel Oteizak. Atarrabiako alkateak, Topagunearen espazio nagusia izan nahi zuen zonaldeko bizilagunekin dagoen akordioari ere erreparatu dio, “2022ko udan eremu horretan egindako jaialdiaren ostean bizilagunek paratutako kexen ondorioz, Nafarroako Arartekoarekin hurrengoa sinatu zen: jaialdi hau edota antzeko besterik eremu honetan gehiago ez programatzea”. Bestalde, topagunea Atarrabiako jaien ostean ospatzekoa da horrek “bizilagunen atseden eta udal langileengan (segurtasun, garbiketa eta zerbitzuetakoak) duen eraginarekin”. Uztailaren bukaeran jakinarazi zieten baimenik ez zutela eta udalaren ezezkoaren aurrean, GTSren antolatzaileek errekurtsoa aurkeztu dute.
Errekurtsoa Atarrabiako Udalaren baimen ukapenaren aurrean jarri dute. Burlatarekin harremanetan berriz, egindako eskaera partzialki onartu diete; akanpatzeko lekurik ez, eta igerileku zein kirol instalazio publikoen erbailerari ukoa, eta, ikastetxe zein kiroldegia erabiltzeko baimenik ez (dagoeneko jarduerak antolatuta daudelako). Dena den, Atarrabiako Udalak argi azaldu du ez dela inongo betorik ezarri, bestelako ekimenak baimentzen baitituzte, Atarrabiako jaietako programan, esaterako, “GKS-k eskatutako espazio eta jarduerak onartu eta baimendu dira”. Topaguneak bestelako arazoak suposatzen ditu, “Atarrabiak espazio ireki eta zabal gutxi ditu, hirigunea da, eta ez dago tokirik horrelako ekimenak ongi garatzeko”, azaldu du alkateak. Bere garaian ere, tankera horretako beste topagune bat egiteko baimena ukatu zuen udalak, arrazoi bera argudiatuta. Ekitaldia burutzeko baimenik izan gabe publiko egin izana salatu du Mikel Oteizak.