Maiatzaren Lehenean “bizitzaren barrikadaren alde” bultzatzeko deia egin du Ernaik
Gaur, Ernai gazte erakundeak, LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenean deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, eta manifestazio horietan osatuko diren gazte bloketan parte hartzeko ere.
2023-ko apirilak 20
“Fase neoliberal honen agorpenaren lehen seinaleak ikusten hasi gara, hau sostengatzen zuen hazkunde mugagabea dagoeneko mito bat baita. Kapitalismoak planetaren mugekin egin du topo eta krisi ekologikoa errealitatea da jada”, aipatu du Ernaiko Ane Alavak Iruñean egindako agerraldian. Bidegurutze honetan sistema kapitalistaren berrosaketa aurrera eramateko “neurriak inposatu nahi dituztenek erabaki ez dezaten” gazteei “bizitzaren barrikadaren alde bultzatzea” dagokiela azpimarratu du Alavak. “Lehen lerroa hartzea, alegia”, gehitu du.
Gazteria “belaunaldi krisia” bizitzen ari dela, espektatiba positiborik gabekoa eta horren aurrean “kapitalak eta konplize dituen estatuek” gazteri sumisoa nahi dutela ohartarazi du Ernaiko bozeramaileak. “Baina guk argi daukagu: ez digute sinetsaraziko borrokak ez duenik balio”, esan du Alavak.
“Euskal herrian hamaika dira piztutako lan gatazkak eta are gehiago lortutako eskubide guztiak. Borroka horiekin batera, krisi anizkoitz horren ertz guztiak kontuan hartuko dituen proposamenak mahaigaineratzeak berebiziko garrantzia dauka. Guztion bizitzak erdigunean jartzen duen bizimodua eta antolaketa soziala ezinbestekoa dugu, alegia. Zaintza, lana eta ondasuna banatzea. Hori da kapitalismo zisheteropatriarkalari aurre egiteko nahi dugun eredua. Euskal herri sozialista eta feminista eraikitzeko bidea”.
Aurtengo Maiatzaren Lehenean hori bera aldarrikatuko dute LABekin batera “Banatu eraldatzeko. Antolatu, borrokatu, egiteko beste modu bat”-en alde lemapean izango diren mobilizazioetan. Euskal gazteriari dei egiten diote LAB sindikatuak deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Nafarroan Iruñean eta Tuteran antolatu dituzte gazte blokeak.