Uharteko 14. Gazte Eguna ospatuko da larunbatean
Larunbat honetan ospatuko da Uharteko 14. Gazte Eguna. Uharteko Gazteok Berpizten! gazte eragileak martxoaren 11rako egitarau oparoa prestatu du herriko gazteak eta inguruko herrietakoak aldarrikapen eta jai egun batean biltzeko.
2023-ko martxoak 10
Argi diote egunari zentzua ematen diona, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidetik Euskal Herri aske batera bidean egunerokoan herriari egin nahi zaion ekarpena dela. Zentzu horretan ulertzen dute egitarau hau, ekarpen politiko bat egin nahi duen aisialdi eskaintza bat bezala.
Goiz soinuekin herria esnatu eta gazteak hamarretakora deituko dituzte, eguna elkarrekin hasteko. Kultur taldeen kalejirak herriari itzulia egingo dio 11:00etatik aurrera Uharteko Joaldunen, Uharteko Dultzainen, Uharteko Konpartsaren, Trikitilarien eta Ortzondo taldeko dantzarien parte hartzearekin. 13:00etan Txan Magoak gazteenentzako emanaldia egingo du Toki Alai pilotalekuan.
14:00etan izango da Gazte Bazkaria pilotalekuan, bazkal ostean Txan Magoak gazteei egokitutako saioa eskainiko duelarik. 18:00etan emango dio hasiera elektrotxarangak herria dantzan jarri nahi duen ibilbideari eta ez omen dira aldarrikapenak faltako.
Kontzertuak 22:00etan hasiko dira Toki Alai pilotalekuan eta goizaldera arte luzatuko dira StreetWise, Iheskide, McOnak eta Biziraun erromeriaren parte hartzearekin. 1:15etan frontoian dauden gazteen aurrean ekitaldi politikoa burutuko dute, haien hitzetan “beste mundu bat posiblea dela” gogorarazteko.
Erasoen aurkako protokoloa eta Puntu Morea
Antolakuntzatik ohartarazi dute erasoen aurkako protokoloa prest dutela eta ez dela elkarren errespetuan oinarrituko ez den jarrerarik onartuko. Zentzu onetan, eraso sexistak salatzeko Puntu Morea erraztuko dute jai eremuan.
Bestalde frontoiaren kanpoaldean Goxua Food Truck-ek afaria eskainiko duela jakinarazi dute, antolakuntzarekin koordinatu direnak gazteek sabela bete dezaten goizalderaino iraungo duen jaiaz gozatzeko.
“Eta igandeko eguzki printzek gogorarazi diezaiotela gazteriari ortzi-mugan helburu dugun bizi eredu justua gaurdanik eraikitzen hastea posiblea dela, elkarrekin lan eginez, auzolanetik eta konpromezutik”, desioarekin amaitu dute oharra antolatzaileek.