“Laiatzen” Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko gazte topaketak martxoaren 25ean eginen dira Tafallan
Tafallako Gazteek, Euskaltzaleen Topaguneak, Erriberriko Emakusen talde feministak, Agerraldiak eta hainbat herritako gazte eragileek Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko gazteen saretze eta aktibazioan lehendabiziko urratsak emateko egitasmoaren aurkezpena egin dute
2023-ko otsailak 20
“Laiatzen” Nafarroako erdialdeko zein hegoaldeko gazteen saretze eta aktibazioa helburu duen ekimena da. 2022an martxan jarri zen herri desberdinetako gazteekin hitz egin ostean, eta gazteen behar eta nahi amankomun garrantzitsu bat identifikatu zuten. Naroa Villarrek topaketen antolatzailetako batek aipatu moduan “eremu honetako gazteok elkartzeko beharra dugu, elkarrekin antolatzeko, elkar komunikatuak egoteko. Elkargune fisikoak behar ditugu ideia horiek lurreratu eta elkarrekin ukigarriak eta egingarriak diren proiektuak martxan jartzeko”.
Azkenengo hilabeteetan herri desberdinetako gazte eta gazte eragileekin harremanetan egon dira proiektuaren berri eman eta prozesuko parte hartzaile izan daitezen animatzeko, topaketetan parte hartuz zein prozesuan egin nahi duten ekarpena egiteko.
Martxoaren 25ean Tafallan antolatu dituzten topaketen berri eman zuten larunbatean egindako prentsaurrekoan, eta gazteei parte hartzeko deialdia egin zieten. Aipatutako helburuei erantzuteko egitarau oparoa prestatu dute, Tafallako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.
Liseth Vidaurrek aurkeztu zuen egitaraua: “Goizean, identifikatutako nahi eta behar horien inguruan arituko gara, bost gai edo lan ildo desberdin jorratuko ditugularik. Ondoren, gazteon bazkaria prestatu dugu. Arratsaldean elkar ezagutzeko eta saretzeko ekintzak egin eta kalejira gauzatuko dugu. Amaitzeko, gazteon elkargunea izango den eta eskaintza musikala izango duen espazioa izango dugu Ereta pilotalekuaren kanpoaldean”.
Hurrengo asteetan sare sozialetan zabalduko dute egitarau zehatza.