Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak ekimen gentrifikatzaileak bultzatzea leporatu dio Udalari
Pasa den ostegunean, otsailaren 2an, eta Sanferminetako eskailerarekin bat eginez, Iruñeko udalak antolatutako musika ikuskizun mugikorraren aurkako ekimena egin zuen Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak. "Udaletxeak izandako azken harropuzkeri pribatizatzailea salatzeko protesta", haien hitzetan. Pankarta batekin itxi zioten bidea kalejira horri Estafeta kalean, eta auzoko hiru gazte identifikatu zituzten udaltzainek.
2023-ko otsailak 6
“Ekitaldien saturazioa eta bizilagunei eragozpenak eragitea dira Iruñeko Udalak erabiltzen dituen argudioak auzoko herri mugimenduaren jarduerak eragozteko”, gogoratu du ASGMk. Baina, aldi berean, hamarnaka dira instituzioetatik bultzatzen diren “ekimen gentrifikatzaileak, azken adibide argia irailean Zentral aretoarekin batera saiatutako makrofestibala)”, salatu dute.
“Atzoko keinu sinbolikoa ez zen isolatua izan, arrazoiak soberan ditugu protesta egiteko. Gure auzoan, Europako beste erdigune historikoetan gertatzen ari den bezala, prozesu gentrifikatzaile bat ematen ari da, gazteri langileriari modu kontaezinetan kaltetzen gaituena; sozializatzeko espazioetatik kanporatzen gaituzte, ostalaritza bezalako sektore prekarioak irtenbide bakarra bezala aurkezten zaizkigu. Emantzipatu nahi badugu ere auzotik kanpo egitera behartuta gaude…”, salatu du Gazte Asanbladak.