Gazte Topagunea, Ernaiko 10 urteko ibilbidea ospatzeko hitzordua galdu ezina
Ernaik 2023ko Gazte Topaguneko egitaraua aurkeztu du. Kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, emanaldiak
2022-ko abenduak 31
Elorrion aurkeztu dute Ernairen 10. urteurrenaren harira egingo duten Topagunea, apirilaren 6tik 9ra bitarte “bizitzeko beste modu bat imajinatzetik egi bihurtzeko unea” dela adierazi dute.
Aurten Ernaik 10 urte beteko ditu, eta ez da gutxi hamarkada honetan egindakoa. “Bidean egindako guztiak, bizipen, irakaspen zein hausnarketek egiten dute Ernai gaur egun den modukoa. Baina gure antolakundeak batez ere egin duena, burua altxa eta euskal gazteriari ilusioa piztea izan da, baita momentu gogorrenetan ere”, adierazi dute bozeramaileek. Euskal Herriko gazteriaren eta herriaren etorkizunaz arduratuta daudela esan dute, eta antolatu berri duten Topagunea “bestelako etorkizun bat imajinatu eta egi bihurtzeko momentua” dela adierazi dute, “bizitzeko modu bati heltzekoa”.
Ernai sortu eta hamar urte geroago, gazteria belaunaldi krisi baten aurrean dagoela esan dute. Bizi baldintzen “erabateko prekarizazioaren aurrean”. Baina ez direla geldirik geratuko berretsi dute: “gu ez gara zerura begira geratuko. Bizitzeko modu bati lotuta gaude, bizitzeko beste modu bat da Euskal Herriko gazteriarena: komunitatean antolatzen dena, munduari begirada kritikoz begiratzen diona, harremanetan jartzeko espazio osasuntsuak eraikitzen dituena eta noski, aisialdirako espazio propioak egiten dituena. Bizitzeko modu bat dugu zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriarena, independentziaz, sozialismoz eta feminismoz lortuko dugunarena”.
Horregatik, bizitzeko modu baten alde apustu egiten duten milaka gazteen topaleku izango dela Elorrio Apirilaren 6tik 9ra, aurreratu dute, “gazte independentiston topalekua”. Gazte topagunea, gaztek aldaketarako eta eraikuntzarako duten gaitasunaren erakusleiho ere izango da. “Ehunka gaztek elkarrekin, autogestioaren bidez eraikitako espazio bat”.
“Aurtengoa, ez da edozein Gazte Topagune izango. Ikasturte hasieran esan genuen bezala, aurten ernaik 10 urte beteko ditu eta Elorrion ospakizunerako aukera ere izango dugu. Urte luze hauetako ibilbidea gogoratzeko noski, baina batez ere 10 urte barruko Euskal Herria imajinatu eta irudikatzekoa. Beste hamaika urtez ere ernai egoten jarraituko dugulako”, adierazi dute bozeramaileek.
Ziurgabetasun garaia den bezala galdera berri eta garrantzitsuen garaia ere badela kontatu dute. Horiei erantzun eta milaka gazteri formakuntzarako, ikasteko eta desikasteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioa eskaini nahi dietela. Horretarako egitarau “berezia” antolatu dutela esan dute, Euskal Herriko zein nazioarteko parte hartzaileekin.
Egitaraua(ren) zati bat
Egitarau osoa aurrerago aurkeztuko badute ere, hizlari eta kontzertu batzuk aurreratu dituzte: Jordi Borras eta Kattalin Miner, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Eraitz Saez de Egilaz eta Lur Albizu, Jule Goikoetxea, Garbiñe Aranburu… eta beste horrenbeste.
Aldi berean, gai batzuk ere aurreratu dituzte: gazte belaunaldiaren erronkak, ekologismoa, Hezkuntza eta Antifaxismoa, migrazioa, komunikazio politikoa, Lodifobia, edota Euskal Kultura.
Partekatzeko, ospatzeko eta gozatzeko egunak ere izango direla esan dute, aisialdi zein musika eskaintza oparoa ere izango dela herri osoan zehar: herriko plaza, ezker paretan zein gune handian besteen artean. Bertan, Euskal Herriko eszena musikalaz gozatzeko aukera izango da, kanpoko talderen bat edo besterekin batera: Merina Gris, Lukiek, Zetak eta Sua beste askoren artean.
Egunero, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera edo egongo dela azaldu dute: “adin, gustu eta plan guztien neurrikoa”. Urtero bezala ekitaldi nagusia egingo da larunbat arratsaldean eta igandean berriz, Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin dute.
“Elorrio 3 egunez gurea egingo dugu, gazteon herria bilakatuko dugu, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren herria.” Guztion neurrira egina egongo den topaleku bat izango dela azpimarratu dute, eta hainbat zerbitzu jarriko dituztela guztion mesedera: jantokia, akanpalekua, furgoparkiña…
Sarrerak BIBE online plataforman eskuragarri daudela gogorarazi dute, eta bono fisikoak ohiko tokietan aurkituko daitezkeela.
Elorrio 3 egunez gurea egingo dugu, gazteon herria bilakatuko dugu, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren herria.
Ez galdu zuen aukera, gonbidatu lagunak eta kideak. Batu bizitzeko modu honi, guk biziko dugu eta.☄️API. 6-9 | ELORRIO#BizitzekoModuBat pic.twitter.com/Oxtz2km6Ob
— Ernai (@ernaigazte) December 29, 2022