Santamaría inputatu dute hainbat delitu egotzita eta Maya laguntzaile izan daiteke
Benito epaileak Iruñeko Udaltzainen buru Santamaria eta beste 4 buruzagi inputatu ditu hainbat delitu egotzita, eta dirudienez Maya alkateak zer ikusia izan dezake. EH Bilduk Santamariaren kargu gabetzea exijitu du.
2014-ko martxoak 11
Mehatxuak, faltsukeriak, biltzeko eskubidea urratzea, hainbat langile baztertzea eta hertsatzea. Horiexek dira, besteak beste, Mari Paz Benito epaileak Simon Santamariari eta udaltzaingoaren beste 4 buruzagiri leporatutako delituak.
Gehiegikeria ugari
Udaltzainen SPPME sindikatuak duela 7 hilabete salaketa jarri zuen eta gehiegikeria zein irain ugari eman zituen jakitera. Sindikatuak 20013ko uztailetik hona izandako irregulartasun gehiagorekin osatu du salaketa hura.
Horien artean hainbat politikari eta administrazio karguri egindako mesedezko tratuak ageri dira, besteak beste Roberto jimenezi (PSNko burua), Laura Albari (lehengo Lan Publikoen kontseilaria), Javier Caballero (lehengo barne kontseilaria), Pachi fernandez (Nafarroako barne saileko bigarren buruzagia) eta Jesús Salinas (Udaleko Hiritar Segurtasuneko idazkaria)
Maya laguntzaile
Polizia sinsikatuak Iruñeko alkate Enrique Maya jarri du ere jo puntuan, balizko delitu hauek guztiak burutzeko haren laguntza “ezinbestekotzat” hartzen baitu. Sindikatuaren arabera “Maya gertakari hauen guztien jabe da eta ez du horiek ekiditeko ezer egin”.
Sindikatuak froga ugari aurkeztu ditu, tartean dokumentuak, testigantzak baita ahots grabazioak ere.
Santamariaren kargu gabetzea
EH Bilduko ordezkari Peio Martinez de Eulatek eta Aritz Romeok udal bozeramaileen batzordea urgenteki biltzeko eskaera egin diote Maya alkateri, baina momentuz ez dute erantzunik izan. Zenbait eskandaluren ondorioz Osoko Bilkurak hainbat alditan Santamaria erreprobatu duela eta haren dimisioa eskatu duela gogorarazi dute, eta beste behin ere, polizia buruaren kargu gabetzea exijitu dute gaurkoan.