Ustelkeria, altxor preziatua
Sabino Cuadra Lasarte
Abokatua
2026-ko ekainak 1
Hau biziezin bat da. Azken asteotan, Auzitegi Nazionalean, agertzeak izan dira ia egunero, “Gurtelen” sumarioekin (PP) edo Abalos izeneko kasuarekin (PSOE) lotuta eta, halako batean, zas! Zapatero afera lehertu zaigu. Lehen gutxi eta amatxi umetu! Baina atzera begira dezagun.
Ustelkeria instituzionala berezkoa izan zuen frankismoak, erregimen absolutista (alderdi bakarra, sindikatu bakarra, eliza bakarra, hizkuntza bakarra…), inolako askatasunik eta kontrolik gabe, bertan Estatuak dena barne hartu eta ustelkeria, klientelismoa eta interes publiko eta pribatuen arteko nahasketa bazter guztietara iristen baitzen. Dena, gainera, Francorengandik berarengandik hasten zen. Javier Otero kazetariak haren banku-kontuak ikertu zituen gerra bukatu ondoren eta aurkitu zuen, ezen 1940an, 34 milioi pezetatik goitiko saldoa zutela, gaurko 400 milioi euroko baliokide, gutxi gorabehera. Funtsean, partikular aunitzek gerrako kosteak ordaintzeko egindako dohainak barra-barra jabetzetik heldu ziren (nahiz eta bertze bide batzuk ere izan zituen: kontrabandoa, komisioen ordainketak…).
Eta hortik beheiti, bidea librea. Ministroak, jeneralak, hierarka sindikalak eta Mugimenduko goi karguak nahieran ibili ziren maila goreneko instantziek baimendutako inpunitate esparruan. Horri gehitu behar zaio Erantzukizun Politikoen 1939ko legea aplikatzetik eratorritako ebasketa. Izan ere, lege horrek ahalbidetu zuen populazio errepublikarraren zati handi baten ondarea arpilatu eta legalki lapurtzea (lurrak, etxeak, ondasunak…).
Bada, aurreko guztiari zergatik ez zioten ekin Trantsizioan, frankismo erreformista eta oposizio demokratikoaren artean izandako bilera eta akordioetan? Erantzunak, bistan da, zerikusi handia izan zuen ordura arte aldarrikatutako haustura demokratikoa sustatzeari ukatu izanarekin. Ukatze horrek ekarri zuen frankismoaren aparatu politiko administratiboa tokiz aldatzea eta, horretaz gain, gerra harrapakintzat hartutako eta banatzeko kargu publikoen kontzepzioa ere.
Javier Pradera kazetariak, “Corrupción y política. Los costes de la democracia” liburuan aipatu zuen, 1982an, PSOE gobernura iritsi zenean (gehiengo absolutua Kongresuan), galdutako aukera, ustelkeria hura legalki eta instituzionalki desegiteko. Alta, seinalatzen zuen maizter berriak “jauregi sorgindu hartan sartu zirela karrusel guztietan igotzeko eta makina guztietan jokatzeko prest”. Ez da inolako gehiegikeriarik. Nafarroan, adibidez, urte haietan, jardun ustelengatik kondenatu zituzten gobernu autonomikoko bi presidente, kontseilari bat, Gobernuak komunitatean zituen bi ordezkari… denak PSOEkoak.
Carlos Solchaga Felipe Gonzalezen lehendabiziko gobernuko Ekonomia ministroak enpresarioak deitu zituen orduan sustatu zuten liberazio ekonomikotik etorritako harrapakinean parte hartzera: Aberats zaitezte! erran zien, eta enpresaburu guztiak ilaran jarri ziren urte haietako eta ondokoetako, Aznarren PPko gobernuarekin, pribatizazioetara apuntatzeko: Telefonica, Endesa, SEAT, Enasa, Repsol, Argentaria, Transmediterranea… Hortik etorri ziren ustelkeria kasu andana, garai hartako PSOEri lotuak (FILESA, Juan Guerraren kasua, IBERCORP, Roldan, AVE, UGTren etxebizitzak…) eta eskandalu haiek ekarri zuten bere porrot elektorala 1996an, Aznarren PPren aitzinean.
Orain PPri tokatzen zaio. Joaquim Bosch Juezas y Jueces por la Democracia erakundearen bozeramaile izandakoak, “La patria en la cartera” liburuan azaldu duenez, “Gurtel kasuak, orain Auzitegi Nazionalean epaitua, begi bistan utzi du ezen, bere egitura ustelek Administrazio Publikoen funtzionamendu arauek utzitako hutsune legal guztiak aprobetxatu dituztela. Hutsune berberek antzeko jardunak ahalbidetu zituzten demokraziaren aurreko urteetan eta frankismoan, botere publikoek zuzentzeko behar bezalako neurriak hartu gabe”.
Zapateroren kasuari dagokionez, aldez aurretik doa, maila penalean, errugabetasun presuntzioaren printzipioarekin eta “in dubio pro reo” izenekoaren aplikazioarekin ados nagoela. Nola ez, ba! Are, kontuan hartuta Epailetza frankismo zaharkituak, neurri handi batean, blaitua duela, Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalean eta Goi mailako auzitegietan kargu hautatuen kupoak betetzeko azken hauteskundeek agerian utzi duten bezala, bertan eskuinaren hautagaitzek jokoan zeuden postuen %75 lortuta.
Egunotan aunitz hitz egiten da Zapateroren gobernupean hartutako neurri aurrerakoiez: Iraketik tropak erretiratzea, berdintasunezko ezkontza, memoria historikoa, berdintasuna… Baita Pedro Sanchezek ere haren “profil sozial itzela” goraipatu du. Baina laudorioen arrosario horrek, nahita, ezkutatzen du bere politikaren bertze aurpegia, nire irudiko erabat erreakzionarioa izan zena.
Ondorio horietarako, bere gobernuak, PPren eskutik, behin eta berriz ez zuela eginen erran ondoren, 2011n, Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa azpijokoaz onetsi zuen (Osoko bilkura berezia, premiazko bideaz eta udan). Horren harira, zor publikoaren ordainketak lehentasuna izanen zuen gainerako ororen gainean: osasuna, hezkuntza, gastu sozialak… Hortik etorriko ziren gerora onetsi zituen murrizketak (funtzionarioen soldata jaustea, pentsioen izoztea, lan erreforma, jubilatzeko adina luzatzea…) eta banka ustelaren erreskatatzea dozenaka mila milioi eurorekin. Nahita nahi ez, orobat aipatu behar dugu politika errepresiboa, Euskal Herrian ehunka atxilotze ekarri zuena, bai eta tortura ere, komisarietan eta kuarteletan eguneko ogia izaten segitzen zuena. Rubalcaba bere Barne ministroa zen.
Laburbilduta, errugabetasun presuntzioa bai, baina haren pertsonaren kanonizazio kanpaina horri sostengua ematea ez eta ez. Zapaterok ez dit konfiantza handirik ematen. Ez da fidatzekoa.
