PSOEri eskatu diote okupazioaren aurkako legea bertan behera uztea
Atzo Gasteizen eta Iruñean PSOEk okupazioaren aurka proposatutako azken legea salatzeko protesta egin zuen Erraki Babes Sareak. Nafarroako hiriburuan 300 lagun inguruk bat egin zuten deialdiarekin, antolatzaileen arabera.
2022-ko abenduak 11
Kaleratutako oharrean diote “PSOEk eta bere euskarri diren alderdi guztiek 48 ordutan epaiketarik gabe desalojatu nahi gaituzte, banketxe, putre funtsek eta jabe handiek beraien higiezinak espekulaziorako prest izan ditzaten”, eta lege berri honekin “okupazioaren erabateko ilegalizazioa” bilatzen dela gaitzetsi dute.
“Aspalditik ari gara okupazioaren kontrako ofentsiba salatzen. Iritzi ekoizle diren hedabideak okupazioaren kriminalizazioa intentsifikatu dute azken urteotan; prebentzio eta segurtasun enpresak eta haien kontratazioak izugarri hazi dira, desokupa bezalako talde faxisten sorrera bizi izan dugu, eta legediaren gogortzea eman da. Gainera, aholkularitza bulegoak sortu dituzte, okupatu duten familiei zerbitzu publikoak ukatu zaizkie, legearen ejekuzioaren perfekzionamendua eman da eta presio soziala, okupazioaren aurkako kongresuak, poliziaren gehiegikeriak eta abarrak ere eguneroko ogi bilakatu dira”, dio Errakik.
Egoera ekonomikoari erreferentzia eginez, Errakik dio “burgesiak eskaintzen duen irtenbidea argia bezain gogorra” dela, eta beldurraren eta zigor mekanismoen gogortzearen bitartez “proletalgoa, egokituko zaion bizi eredu miserablera ohitzea”, bilatzen dela “izaera konformista indarrez” sustatzeko “errealitatearen eraldaketan esku har ez dezan”.
Errakiren iritziz “lapurretak, okupazioak edota instituzioekiko kontrakotasunean antolatzea, bizi bitartekoak bermatzeko alternatibak” izan daitezke.