Arrakala, heteroarauean zirrikituak sortu asmo dituen proiektua

Zer da heteroaraua? Nola egituratzen da bizi garen jendartean? Nola eragiten digu gure bizitzetan eta harremanetan? Galdera hauei erantzuten saiatzen da "Arrakala" dokumentalak, Topatu.info eta Bilgune Feministaren arteko elkarlana.

2014-ko apirilak 1

Normaltzat saldu diguten haitz zurrun horren erraietan ez gara gustura sentitzen, eta galdera horiei nolabaiteko erantzuna bilatu nahian, Arrakala proiektua jarri dute martxan Tpatu.info eta Bilgune Feministakoek. Euskal Herria lurralde eremutzat hartuta gai hori lantzen duen ikus-entzunezkorik ez dagoela ikusita, Topatu gazte proiektu komunikatiboa eta Bilgune Feminista elkarlanean, lantalde bat osatu eta jende sare baten laguntzaz, euskarri nagusi gisara dokumental bat izango duen tresna kutxa osatzen ari dira.

Haitzaren arrakalak azaleratzea dute helburu, eta horretarako heteroarauaren inguruko gaiak jorratu nahi dituzte, hala nola, familia zein elkarbizitza egoera ezberdinak, desira aukerak, identitateak eta sexu/genero sistemak guzti honetan duen eragina.

Diskurtso teorikoegietatik at eta praktiketan oinarrituz, heteroarautik kanpo dauden esperientzia eta bizipenak ezagutzea dute asmoa. Aldi berean, mugimendu feministak zein LGTBQ mugimenduak haitza arrakalatzeko bidean egindako ekarpenak ere ezagutu nahi dituzte.

Prozesu hau parte hartzailea bihurtu nahi dute, eta horretarako www.arrakala.net ataria jarri dute martxan, eta bertan joango dira dokumentalaren ekoizpen prozesua kontatzen: elkarrizketen bideo aurrerapenak eta bestelakoak sareratuko dituzte.

Tresna kutxa hau esparru anitzetako kolektiboetan gaiaren inguruko lanketa egiteko bitarteko erabilgarria izan litekeela iruditzen zaie, aitzakia bat gaia lehen lerroan jartzeko.
Hau beste arrakala baten hasiera besterik ez dela diote. "Arrakalak badira eta bagara. Haitza hankaz gora jarri nahi dugulako, lurrikararen beldurrik gabe. Haitzaren ertzetik, mundua arrakalatzera goaz!"

 

Gehiago