Iturramako jaietan izandako jazarpen poliziala salatu du Jai Batzordeak, eta auzoan izandako giro paregabea azpimarratu du
Iturrama auzoko jaiak ospatu dira asteburu honetan, giro paregabean, eta horregatik pozik agertu da Jai Batzordeak. Igande goizean, baina, polizien oldartze batek jaietako giro ona ilundu zuen. 3 gazte atxilotu zituzten eta hainbat jipoitu egitarautik kanpo zegoen festa bat egiten ari zirenean.
2022-ko maiatzak 23
Iturramako Jai Batzordetik eskerrak eman nahi izan dituzte jaien arrakastagatik eta hauek izan duten parte hartze handiagatik. “Berriro elkartu gara bi urteren ondoren, plaza hau berriz ere haur eta handientzako topagune eta goza-leku izan da, espazio desberdinetako pertsonok bat egin eta elkartu gara eta ekimen anitzetaz gozatu dugu: erraldoiak, musika estilo guztietako kontzertu-sorta…” Jai Batzordeak azpimarratu du bizilagunen jarrera eta “berezko nortasuna eta auzo-sentimendua duen auzoa garela” erakutsi dela berriz ere nabarmendu du.
Poliziaren jazarpena
Jaiak lasaitasun osoz igaro badira ere, hainbat gertakari salatu nahi izan dituzte Jai Batzordeko kideek. “Ez dugu inolako esku-hartzerik behar izan. Hori dela eta, pena handia ematen digu eraso sexisten aurkako kartelak kendu dizkigutelako, azken gau honetako gehiegizko presentzia poliziala eta, batez ere, gaur goizeko gertakariak, non poliziaren jarduera erabat neurrigabea eta beharrezkoa ez den indarkeria neurrigabea izan den, aurtengo jaien arrakasta erabatekoa lausotzen saiatu den”. Gogoratu behar da Iruñeko Udaltzaingoak eta Foruzaingoak auzoan jaietan ari ziren gazte batzuen aurka oldartu egin zirela, hainbat zauritu eraginez eta 3 pertsona atxilotuz. Gazte horiei elkartasuna adierazi die Jai Batzordeak.
Hala ere, atzo igandean jaietako egitarauak aurrera egin zuen, eta goizean auzoko 50 txiki berriri jaietako zapia jarri zieten, Irrien lagunak eta gaitero galiziar talde baten emanaldia ere izan ziren eta auzoko kaldereteak prestatu zituzten koadrilek.