3 eguneko egitarau oparoa prestatu du Ernaik Gazte Martxarako “BostEHun eta zutik!” lelopean
BostEHun eta zutik! lelopean ospatuko du Ernaik aurtengo udaberriko ekimena. Musika doinu, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Zugarramurdi eta Baztan gazte independentistek. 25 tailer, hitzaldi eta ikuskizun eta 31 musika taldek joko dute bertan. Ekimen osorako zein eguneko sarrerak salgai daude.
2022-ko martxoak 10
Bi urteko etenaldia eta gero, berriz ate joka dugu urteroko gazte independentisten topalekua den udaberriko ekimena. Aurtengoak gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua prestatu du Ernaik. Baztanen lurreratuko da egitasmoa, “BostEHun eta zutik!” lelopean. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez “zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela” aldarrikatuko dute. Efemeridea aitzaki hartuta, aurrera begira jarri nahi du antolakundeak. “Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada irudikatu” nahi dute ekimenean.
“Bestelako Euskal Herria posible delako: feminista, justua, ekologista… Eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska* gazte taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan…”, dio Ernaik.
Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa; Iruñean.
Orotara 25 tailer, hitzaldi eta ikusizuneko egitarau kultural eta politikoa antolatu dute Ernaiko gazteek. Larunbat eguerdian, 12:30ean Akeita gunean, “Borrokak egiten gaitu aske!” izenpeko mahainguru zentrala egongo da. Bertan, gazte antolakundeak egungo ziklo politikoari ekiteko estrategia propioaz hausnartuko du, gazte estrategiaren nondik-norakoak zabaltzeko asmoz. Larunbat iluntzean, 20:30ean, izango da ekimeneko ekitaldi politiko nagusia.
Hitzaldi, ikusizun eta tailerrez gain, 31 musika taldek jarriko dute Baztan dantzan: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide.
Ekimenerako sarrerak salgai daude jada. Egun guztietarako bonoa prezio berezian dago salgai, 35 euroren truke. Prezio berezian martxoaren 21 arte egongo da eskuragarri. Ostiraleko eta larunbateko sarrerak ere jarri dituzte gaur salgai, 18 eta 22 euroren truke hurrenez hurren. Bibe.me plataforman zein hainbat salmenta-puntutan (Gasteizeko Garraxi tabernan, Donostiako Herria tabernan, Bilboko Errondabide eta Kirruli tabernetan, Iruñeko Herriko, Aitzina eta Monton tabernetan, Erratzuko Zubi Punta osatuan eta Elizondoko Intza ostatuan) daude eskuragarri.