13. Gazte Eguna ospatuko dute Uharten martxoaren 5ean

Egitaraua martxoaren 4an hasiko da hitzaldi batekin, eta larunbatean goizean goizetik gauera arte luzatuko diren ekitaldi eta ekimenak eginen dira. Horien artean, kontzertu bat Larrutan, Liher eta Baizera musika taldeekin, eta gauari amaiera emateko DJ Pezon arituko da.

2022-ko martxoak 1

2020ko martxoaren 14an ezarritako alarma egoerak bertan behera utzi zuen egun horretan bertan ospatzekoa zen Uharteko 13. Gazte eguna. Bi urte beranduago ordea herriko gazteek jai eguna berreskuratu eta martxoaren 4tik 5era egitarau oparoa antolatu dute.

“Uharteko Gazteok Berpizten!” eragileak jakinarazi du egunaren prestaketak puntu puntuan dituztela jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituen egitaraua aurrera ateratzeko. Bere aurreko hamabi edizioen bidetik, “gazte antolakuntzatik Uharteko egoera sozialagatik lan egin eta gure herriaren etorkizunarekin konprometitzea aukera eraginkorra dela erakutsi nahi du jaiegun honek” antolatzaileen ahotan.

Martxoaren 4ean, arratsaldeko 19.00etan ekingo diote egitarauari “Mundua eraldatuz gozatzeko” errezeta liburuaren aurkezpenarekin. Joseba Alvarez gonbidatu dute horretarako, baita Itoizko urtegiaren inguruan garatu zen ekimenetan parte hartu zuten pertsonak ere, munduan eragiteko adibide praktiko baten kontakizun.

Larunbata berriz goiz soinuekin hasiko da goizeko 9.00etan eta hamarretakoaren ondoren 11.00etan kalejira bat egingo dute gazteek joaldun, erraldoi eta trikitilarien konpainian herria alaitu eta San Juan plazan Euskararen aldeko mural margoketa batekin amaitzeko, 12.00etan. Bertan umeentzako aurpegi margoketa tailerra ere izango da.

14.00etan izango da herri bazkaria San Juan plazako Toki Alai pilotalekuan eta honezkero sarrera guztiak salduta daude. Bazkal ostean azken Gazte Egunetako momentu gogoangarrienen bideo proiekzioa eta Oier eta Oihan bakarlariak izango dituzte ikusgai. Arratsaldeari merezi duen maila emateko herrikoa bertakoa den Elektropikala elektrotxarangak dantzan jarriko ditu Uharteko kaleak 18:00etatik aurrera, gorputzak astinduta gazteak gosetuta hel daitezen 21.00etan pilotalekuan eskainiko duten afari aukerara.

22.00etan ekingo diete kontzertuei eta Larrutan taldeak estreinatuko ditu bozgorailuak, Bizkaitik datorren baina uhartear batekin kontatzen duen punk-rock taldeak alegia. 00.00etan berriz ekitaldia burutuko dute jai egunaren arrazoiak ozen entzun daitezen eszenatokitik. Liher talde gipuzkoarrak lehertuko du gaua ondoren bere “Eta hutsa zen helmuga” disko berriaren aurkezpenarekin. Baizera taldeak emango dio gauari gerriek ordurako desioko duten erritmo dantzagarria, haien joera funky berritzailerekin, eta Txantreatik datorren DJ Pezonek jarriko dio txapela egitarauari, gaua feminista izango dela edo ez dela izango gogoraraziz.

Antolakuntzatik adierazi dute ez dutela jai eguna oztopatu eta bertaratuko den jendea kaltetuko duen portaerarik onartuko eta erasotzaileak jai gunetik kanporatuak izango direla. Gonbita luzatu diote era berean gazte orori “Uhartera gerturatu eta elkarrekiko eta herriarekiko begirunez asteburu eder batez gozatzeko”.

Gehiago