Otsailaren 11an bideobigilantziaren aurka mobilizatzeko deialdia Barañainen
Bideobigilantzia planaren aurkako herri plataformak manifestazioa deitu du otsailak 11rako. Udalak 9 kamara gehiago jarri nahi ditu herrian, eta horrek kontrol soziala areagotuko duela salatu dute.
2022-ko otsailak 5
Iragan den urtarrilak 24ean ospatutako asanblada ireki batean herritar talde batek udaletxeak instalatu nahi dituen bideobigilantzia kameren aurkako plataforma bat sortu zuen. Orduan, asanbladako parte hartzaileek, “nahi ez zuten gizarte eredu baten inposaketaren aurrean” kalera aterako zirela adierazi zuten.
Orain, plataformak, otsailaren 11an manifestaziorako deialdia iragarri du “¡El ojo te ve! bideo bigilantziarik ez!” lelopean. Manifestazioa arratsaldeko 19etan abiatuko da Udal plazatik.
Ostegunean Bizi Zizur kolektiboak hitzaldia eskaini zuen Barañainen. Bizi Zizur ekimenak 1.700 sinadura bildu zituen Zizurren Udalak bideo kamarak jartzeko proiektuaren aurka, eta atzo bertan jakin zen azkenik Udalak atzera egin duela proiektu honen aurrean herritarren artean eragindako kontrako jarrera dela eta.