II. EDH-Fest jaialdia 2022ko urrira atzeratu dute pandemiaren eraginez
Ez Dago Hilda musika jaialdia otsailean ospatu behar zen Berriozarren, baina osasun egoeraren bilakaera erabakigarria izan da jaialdia atzeratzeko.
2022-ko urtarrilak 21
Osasun egoeraren bilakaera aztertu eta gero, urrian egitea erabaki dute Ez Dago Hilda musika jaialdia. “Osasun egoeraren bilakaera aztertuz eman ditugu egunak, baina jaialdia burutzekoa zen data hurbil izanik eta orduan indarrean egonen diren neurriak zein diren jakin gabe, jaialdirako hornitzaile, talde, teknikari eta bolondresak ezin ditugu ziurgabetasun egoera honetan gehiago mantendu”, adierazi dute antolatzaileek.
Jaialdia urriaren 28 eta 29ra atzeratzea erabaki dute. Kartela mantentzen saiatuko dira eta orain arte saldu dituzten sarrerak datorren datarako balioko dute. Hala eta guztiz ere, sarrerak itzultzeko aukera eman nahi diote jendeari eta gaurtik aurrera otsailaren 5a arte itzultzeko epea ireki dute.
Sarrera fisikoak Herriko eta Aintzina tabernetan itzuli daitezke sarrera bertan emanez eta online sarrerak ezdagohilda@gmail.com helbidera sarrera erosterakoan emandako datuak bidaliz sarreraren dirua berreskuratu daiteke (kudeaketa gastuak kenduta).
Datorren datarako lanean daude jada, eta horrez gain, EDHren datozen erronken prestaketan dihardute.