Zorionak Arrotxapea! Mediku euskalduna lortu dugu!
Bi urte eta erdi pasa dira Arrotxapeako hainbat auzokidek “Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena abian jarri genuenetik.
Arantzazu Martínez eta Nestor Esteban "Osasun etxeak eta biok euskaraz" herri ekimeneko kideak
2018-ko azaroak 19
Bi urte eta erdi, auzoko osasun etxean
mediku eta pediatra euskaldunak nahi genituela aldarrikatzen hasi ginenetik.
Denbora tarte honetan anitzak eta ugariak izan dira egin ditugun ekimenak eta hilabete
hauetan guztietan eginiko lanari esker, azkenean mediku euskalduna lortu dugu.
Urrian
hasi zen lanean.
Pediatrari dagokionez, Osasunbideako eta Euskarabideako ordezkariekin izan genuen
azken bilkuran, hauek -2019ko oposaketen esperoan-, behin-behineko konponbidea
proposatu ziguten, Antsoaingo osasun etxean dagoen pediatra euskalduna eskainiz.
Baina proposamenak zenbait eragozpen zituen gure iritziz eta hala adierazi genien:
- Lehenengoa: Antsoainera joan behar izatea. Ez dago urruti, baina askok hurbilago
daukagu berez dagokigun osasun etxea. - Bigarrena: Antsoaingo osasun etxean dagoen pediatra euskalduna, ez da pediatra
titularra. Pediatra titularrak lanaldi murriztua dauka eta pediatra euskaldunak lanaldia
osatzen du. Noiz arte ez dakite. Beraz, pediatra titularrak lanaldi osoa berreskuratzen
duenean, pediatra erdaldun batekin egongo gara berriz baina kasu honetan Antsoainen. - Hirugarrena: Pediatra euskaldunarekin dagoen erizaina ez da euskalduna. Hitzordu
gehienak erizainarekin bakarrik izaten dira.
Honi guztiari gaineratu behar, behin-behineko proposamen gisa aurkeztu zigutena,
behin-betiko proposamena bilakatu zela hortik egun gutxira. Hurrengo astean prentsatik
jakin baikenuen, laster egingo diren oposaketetan administrazioak ez zuela auzorako
pediatra-euskaldun plazarik eskainiko.
Proposamena beraz, hasieratik ez zen proposamen zintzoa izan. Bazekiten, ezer esan ez
baziguten ere, behin-betiko konponbiderik aurkezteko asmorik ez zutela.
Mediku euskalduna lortu dugu, garaipen garrantzitsu bat lortu dugu, eta fruituak
lortzeko bidea etengabeko lana dela egiaztatu dugu. Hala ere, osasun etxea
euskalduntzeko bidea ez da amaitu; dagozkigun hizkuntza eskubideak bermatuak
izateko lanean jarraitu beharko dugu. Bide horretan, auzoko euskaldun eta euskaltzaleak
bidelagun izatera animatu nahi zaituztegu.
Hurrengo urratsa: euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta lortu berri dugun mediku
euskaldunaren aldeko “klika” egitea proposatzen dizuegu.
Mediku aldaketarako
eskaera-orria osasun etxean topatuko duzue.
Arrotxapeako osasun etxean euskaraz bizitzera goaz!