Lizarraldeko elkarteek babesa adierazi diote Nafarroa Oinez 2027ri

500 lagun baino gehiago bertaratu ziren Los Llanos Kulturgunean egindako aurkezpen-ekitaldira, eta eskualdeko 20 kultur-, kirol- eta gizarte-elkarte eta taldek baino gehiagok hartu zuten parte.

2026-ko azaroak 23

Lizarra Ikastolak Nafarroa Oinez 2027ren aurkezpen-ekitaldia egin zuen joan den larunbatean, azaroaren 21ean, Lizarrako Los Llanos Kulturgunean. Ekitaldiak 500 lagun baino gehiago bildu zituen, eta eskualdeko 20 elkarte eta taldek baino gehiagok hartu zuten parte bertan, Nafarroako ikastolen festaren edizio berriari jendaurrean babesa adierazteko.

David Lumbrerasek eta Lorea Izagirrek, Lizarra Ikastolako irakasleek, gidatu zuten ekitaldia «Oinez, herritik errotik» lelopean, eta aurkezpenak agerian utzi zuen proiektuaren izaera kolektiboa: hezkuntza-komunitatearen mugaz harago joan, eta Lizarra eta Lizarrerri osoa inplikatu nahi dituen proiektua da.

Ekitaldiko une nagusietako bat Nafarroa Oinez 2027ko arropa-bilduma ofiziala aurkezteko desfilea izan zen. Kultur-, kirol- eta gizarte-elkarte ugaritako ordezkariek bilduma berriko kamisetak, izerditakoak eta bestelako jantziak erakutsi zituzten, Lizarra Ikastolako adin desberdinetako ikasleekin batera. Eskualdeko elkarte-sarearen aberastasunaren adierazgarri eta erronka berri honetan Ikastolari laguntzeko duten prestutasunaren erakusgarri izan zen.

Erakunde eta enpresa munduko ordezkaritza zabala ere izan zen ekitaldian. Bertan izan ziren Lizarrako Udaleko, Lizarrako Merkatarien Elkarteko eta LASEMEko ordezkariak, baita Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta zuzendaria ere, Oier Sanjurjo eta Josu Reparaz, hurrenez hurren.

Belaunaldien arteko topaketa
Emozioak eta bost hamarkada baino gehiagoz Lizarra Ikastola eraikitzen lagundu duten pertsonei egindako aitortzak ere leku berezia izan zuten aurkezpenean.

Ekitaldia Lizarra Ikastolako Haur Kantu Taldearen emanaldi hunkigarriarekin hasi zen. Lizarran antolatutako aurreko lau Nafarroa Oinez edizioetako (1985, 1990, 2004 eta 2020-2021) abestiak uztartzen zituen bertsio berezia eskaini zuten. Emanaldian zehar, Ikastolaren historia jasotzen zuten irudiak proiektatu ziren; belaunaldi desberdinetako oroitzapenak berpiztuz, eta guztion ahaleginari eta konpromisoari esker egindako bidea balioetsiz.

Une sinbolikoenetako batean, Ikastolari lotutako familietako hiru belaunaldi elkartu ziren oholtza gainean: Ikastolaren lehen urteetan bertan lan egin zuten aitona-amonak, Ikastolan ikasi zuten haien seme-alabak eta, egun, bertako ikasle diren bilobak. Proiektuaren iragana, oraina eta etorkizuna lotzen zituen irudia, aukeratutako leloaren esanahia islatzen zuena. “Herritik, herriak
sortu gintuelako; errotik, sustrai sakonak ditugulako; eta Oinez, aurrera egiten jarraitu nahi dugulako”.

Ekitaldiaren amaiera ere zirraragarria izan zen. Zeru izartsua zeharkatutako izar iheskor batek Nafarroa Oinez 2027ren desioa adierazteko balio izan zuten: euskarak Lizarran eta Lizarrerrian gero eta presentzia eta erabilera handiagoa izatea. Mikel Pinillosek, Lizarra Ikastolako irakasle eta ikasle ohiak, bertso batekin eman zion amaiera ekitaldiari; desio hori gauzatzeko auzolanaren eta guztien konpromisoaren balioa aldarrikatuz.

Elkarrekin egiteko bidea
Aurkezpena 2027ko urriaren 17ra iristeko lehen urratsa izan zen. Egun horretan, Lizarrak bosgarren aldiz hartuko du Nafarroako ikastolen festa.
Lizarra Ikastolak Nafarroa Oinez 2027 egun bakarreko jaia baino askoz gehiago izatea nahi du. Ikasturtean zehar euskararekin, kulturarekin, artearekin, jasangarritasunarekin eta elkartasunarekin lotutako jarduerak antolatuko dira, Lizarrerri osoaren parte-hartzeari irekiak.
Ekimenak, halaber, Ikastolako instalazioak berritzeko, jasangarritasuna hobetzeko, jolastokia espazio berdeago eta hezigarriago bihurtzeko eta euskarazko hezkuntza-proiektuaren etorkizuna sendotzeko baliabideak lortzea ahalbidetuko du.
Aurkezpenean jasotako babesak «Oinez, herritik errotik» leloaren funtsa indartzen du: aurreko belaunaldiek egindako lanari aitortza egitea eta, auzolanaren bidez, euskararen eta gure herriaren etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarraitzea.

Gehiago