Sindicato de Estudiantesek Azaroaren 14rako deituriko Grebaren aurrean, Ikasle Abertzaleak-en jarrera

Sindicato de estudiantes antolakundeak azaroaren 14an egin duen ikasle greba orokorrerako deialdia ez dugu ontzat hartzen Ikasle Abertzaleak antolakundean, eta beraz ez babesteko deia egiten diegu ikasleei, ondorengo lerroetan azalduko ditugun arrazoiak direla eta.

2018-ko azaroak 13

Sindicato de Estudiantesek, zarata ateratzen saiatzeko egiten duen beste ahalegin bat besterik ez dela ulertzen dugu, datorren asteazkenean espainiar estatuan zehar egin duen mobilizatzeko deialdia. Izan ere, azken bolada luzean ohituta gaituzten bezala, edozein aitzakia aprobetxatzen saiatzen dira euren izen eta sinadurak ohiartzun pixka bat izateko helburuarekin, mobilizazioak antolatzeko.

Akusazio gogorra badirudi ere, ikusi besterik ez dago esaterako, pasaden ikasturteko urrian Kataluniako auzia gori-goria zegoenean “errepresioaren aurkako eta erabakitzeko eskubidearen alde”ko greba deialdia edo maiatzean Manadako bortxatzaileen sententziaren aurka “justizia patriarkalaren aurkako” izenean antolatu zutena. Aipatutako adibide hauetan zein etorriko diren mobilizazio berrietan parte hartuko duten ikasle zein bestelako pertsonen borondate on zein prestutasuna ez dugu inolaz ere zalantzan jartzen, hare gehiago, txalotzekoa bezain beharrezkoa dela uste dugu honelako kasuen aurrean mobilizatzeko hautua egin izana. Mobilizatzeak soilik ordea, ez du zertan aldarrikapenen gauzapena ekarri, eta hori da Sindicato de Estudiantesi aurpegiratzen dioguna hain zuzen ere. Borroka egiten dutenaren pin-a jarri nahi izatea ikasleen aurrean, benetako praktika politikorik izan gabe.

Salatzen dituzten “injustizien” aurkako praktika politiko erreal eta jarraikorrik ez dute, eta soilik sentsiblitate handia sortzen duten gai jakin batzuk aprobetxatzen dituzte euren pankarta kalera atera eta hauen aurkako borroka egiten dutela itxura egiteko.

Ildo honen jarraipen bat besterik ez da asteazkeneko mobilizazioa, genero zapalkuntzaren aurkako borrokak azken urteetan hartu dituen dimentsio eta indarra aprobetxatu nahi dutelako euren izena ezagutaraztera eramateko. Fenomeno hau ordea ez da berria, langile mugimenduak urte luzetan bizi duen gaitz bat da, oportunismoa bezala ezagutzen duguna eta iraultzaileon egin beharra dena berau borrokatzea.

Horregatik, oso larria zein kezkagarria izateazgain, genero askapena seriotasunez hartzen dugun kolektibo zein norbanako bakoitzarentzat izugarrizko errespetu falta dela uste dugu, “matxismoa ikasgelatatik ateratzeko” greba deialdi hau. Langileria guztiaren emantzipazioa helburu daukagunontzat sindikatu hau bezalako eragileen existentzia bera den bezalaxe. Izan ere, aldarrikapen hauen lejitimitatea inolaz ere zalantzan jarri gabe, eta berau borondate onez bultzatzen ari diren ikasle zein norbanako edo kolektiboekiko errespetu osoz, uste dugu genero askapenaren bide luze eta korapilatsu honetan ekarpena egin ordez, traba besterik ez direla gisa honetarako deialdiak.

Emakumeon askapena lortzeko borroka eta matxismoaren erradikazioa ez da batere erraza eta hare gutxiago egun puntualetan egindako manifestazioz lortuko dugun zerbait, egueroko lan eta borroka militantea behar duen erronka historikoa da, zapalkuntza guztien gaindipena eta zapaldu guztion askapen integrala helburu duen estrategiaren garapenaren bitartez soilik erdietsi dezakeguna. Horregatik uste dugu, greba deialdi honek ez diola mesederik egiten erronka historiko honi, itxurakeria hutsa delako batetik, eta ez doalako askapen erreala helburu duen estrategia bati erantzunez jarduten duen praktika politikoaren baitan, bestetik.

Honi jarraiki, deialdi berezia luzatzen diegu matxismoaren erradikazioa eta emakumeon askapenaren aldeko borroka seriotasunez hartzen duten Euskal Herriko ikasleei, erronka honek eskatzen dizkigun mailako praktika politikoa garatzen duten, eta hezigune ezberdinetan antolatuta dauden emakume talde, autodefentsa sare edo bestelako dinamiken parte izateko.

Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza eta eraso etengabeei aurre egiteko mekanismoak garatzen ari gara Euskal Herriko zenbait ikastetxetan, matxismoari espazio geroz eta gehiago irabazi eta emakume langileon egoera hobetzeko helburua duen autodefentsa antolatuz. Matxismoa ikasgelatatik atera eta emakumeontzako espazio seguruak sortzearen berme bakarra antolakuntza kolektiboa eta konpromisoa da, eguneroko lan militantea. Ez gaitzatela engainatu, ez dago formula magiko edo “bide azkarrik”!

Gehiago