Salbuespenaren mikropolitikak (eta mikrodesobedientziak)
Gasteizko institutu bat: erdi lokartuta zetorren irakaslea hotzikara batek esnatzen du kolpean, goizeko 8etan irakasle-gelara sartu eta armatutako eta uniformez jantzitako ertzain parea aurkitzen duenean parez-pare. Ikasleei bullying-aren inguruko hitzaldia ematera datoz pedagogo militarizatuak (aurtengo daturik ez dugu, baina 2014-2015 ikasturtean, 164 eskolek eta 18.000 ikaslek izan zuten ohore berbera. Biolentzia matxistaz ere ematen dituzte eskolak biolentziaren profesionalek).
Eleak/Libre dinamika
2016-ko apirilak 4
Arrasate: Udalak garbiketa-ordenantza ezarri du. Herriko hormetan ezin izango da kartelik itsatsi udal-baimenik izan ezean. Udalak propio jarritako iragarki-tauletan bai, baina edukiaren arabera 250 eta 1.000 eurora arteko isuna jasotzeko arriskuarekin betiere (Zumaian antzeko ordenantza dago indarrean otsailaz geroztik, hiri handi guztietan jada hertsiki arautua dago hormen erabilera, baita ertain eta txiki askotan ere). Bilboko Alde Zaharra: herritar batek udaltzainei arreta deitzen die, etorkin bat identifikatzeko orduan erabilitako modu zakarrarengatik. Mozal Legea aktibatu, eta isun batekin doa etxera auzokide batez arduratu den herritarra (2015eko uztailaren batean indarrean sartu zenetik aurtengo urtarrila amaiera bitartean, 735 isun ezarri dituzte poliziek Hego Euskal Herrian, tartean udaltzaingo ezberdinek, Mozal Legea baliatuta). Leioako unibertsitatea: “Bakea, segurtasuna eta defentsa” jorratzen dituen mintegia garatzen da, EHUren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko elkarlanari esker (2013ko urriaren 16an sinatu zuten akordioa, eta geroztik zorioneko mintegiaz gozatzeko aukera dute ikasle eta iraskasleek urtero-urtero). Gros auzoa : Kortxoenea gaztetxearen hustuketan duen jarrera bideoz hartzen ari den gazteari, grabatzeari utzi ezean Mozal Legea aplikatuko diola mehatxu egiten dio udaltzain batek (Donostiako udaltzaingoa Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak baino askatasunen ikuspuntu are murritzagoa duela erakutsiz. Hark esana baita legeak ez duela irudiak hartzea debekatzen). Euskal herrietako hamalau etxebizitza: Probintzia-Auzitegiek sinatutako jakinarazpenak heltzen dira etxera. Troikaren aurkako 2014ko protestetan parte hartzeagatik urtetako espetxe zigorrak, “komunitatearen aldeko” ehunka lan-ordu eta milaka eurotako isunak eskatzen ditu fiskaltzak (Kilometro karratutako “segurtasun gunea” ezarriz egun horretan manifestatzeko eskubidea indargabetu zuen Ertzaintzaren txostenak aintzat hartuz, egun horretan manifestatzeko eskubidea bermatu ez zuten epaitegiek hartu dute erabakia). Edozein txokotako edozein herritarren arteko elkarrizketa edozein gairen inguruan: – Hori ez da bidezkoa. -Ja, baina hori dio legeak (edo arauak, edo “sen onak”). Zer egingo diogu.
Azken hilabeteotako adibide batzuk baino ez dira. Guk geuk zerrenda dezentez mardulagoa osatzea dugu, ezagutzen ditugun antzeko eta bestelako kasuekin. Eta ondotxo dakigu ezagutzen ditugun horiek benetan ematen direnen portzentaje txiki bat baino ez direla.
Zer dute komunean lehendabiziko parrafoan elkartu ditugun errealitate hain ezberdin horiek guztiek? Salbuespen iraunkorraren paradigmaren adierazpen lokalak edota egunerokoak izatea. Salbuespen politikak ez baitira soilik Madriletik heltzen diren erasoak, maila politiko makroan eta nazio-gatazkarekin lotuta garatzen diren legedi “antiterroristak”, makro-epaiketak eta makro-sarekadak. Horiek ere badira, baina baita beste askoz gehiago ere. Paradigma bat da, jendartea ulertu eta begiratzeko modu bat, gu guztiok blaitzen gaituena. “Gure” legebiltzarrak-udalak-eskolak; “gure” polizia autonomikoak-foralak-lokalak; “gure” epaitegiak-epaileak-fiskalak; “gure” hedabideak-esatariak-artikulugileak; gure senideak-lagunak-lankideak; gure pentsaerak-praktikak-diskurtsoak; gu. Salbuespen politikek eskala makroa zein mikroa hartzen dute; data seinalatuetako eraso erraldoi entzutetsuen bitartez -Mozal Legea, Alderdien Legea- zein eguneroko txiki eta oharkabeen bidez -poliziak eskoletan, kaleak “garbi”- inposatzen dira; kanpotik ezartzen dizkigute baina barneratu ahala guk geuk birsortzen ditugu ere.
Hitza hain modan jarri den honetan, paradigma hegemonikoa da salbuespen iraunkorra. Hau da, hain normalizatua egonagatik, esplizituki baina batez ere inplizituki barneratua izateagatik, identifikatzen ere zaila dena. Pentsatzeko moduan integratu baitugu azken hamarkadetan egin diguten gerra ideologikoaren -eta fisikoaren- ondorioz. Feminismoari metafora maileguan hartuz, salbuespen iraunkorraren paradigmaren betaurrekoekin begiratzen diogu errealitateari. Aspaldi jantzi zizkiguten betaurreko horiek. Ziurrenik, botere egituretatik inposatu nahi dizkiguten gainontzeko mundu-ikuskerekin (patriarkala, arrazista, klasista…) antzekoa gertatzen da. Hasieran, bortxaz jarri nahi zizkigutela ohartu eta horiek kentzen saiatu ginen. Gero, kentzea lortu ez bagenuen ere, jarriak genituenaren jakitun ginen behintzat, eta kontzientzia horrek euren eragina gutxiagotzen zuen. Denborak aurrera egin ahala, ordea, gero eta gutxiagotan oroitzen dugu noizbait inposatu zizkigutela, gorputzaren eranskin izateari utzi eta organo naturalen kategoria hartzen dute, begien pare, errealitateari betaurreko horietatik begiratzen diogula ahazteraino. Politikoa eta antzemangarria zena, eta beraz eztabaidagarria, aurrepolitikoa eta antzemanezin bihurtzen da prozesu honetan, eztabaidaezin ondorioz.
Normalizazioa, hor dago gakoa. Normalizazio mota eta maila asko daude, noski. Herritar batzuek naturaltasun osoz hartzen dituzte Mozal Legea edo tortura. Beste batzuek horrelako gehiegikeriarik onartu ez, baina begi onez ikusten dute kartelak jartzeko debekua, edo hori ez baina bai papergabeek eskubiderik ez izatea, edo bideokamerez inguratua bizitzea, edo uniformedun gizon armatuek indarkeria matxistaz eskolak ematea seme-alabei (azken horrek koherentziatik ere badu: mugez kanpoko zeregin “humanitarioak” ejertzitoen esku uzten dugun jendartean, mugaz barneko gatazka sozialen inguruko pedagogia polizien esku uzten dugu). Azken hamarkadak errepresio gordinenaren jopuntuan bizi izan duen milaka euskal herritarretatik askori, bi digitora ailegatzen ez den espetxe zigorra apenas sortzen dio asaldurarik. Eskubide zibil eta politikoen erabilera hutsarengatik zigortua izan dena, zigortzaileak legeak ematen dion ankerkeriarako aukera guztiak baliatu ez izana publikoki eskertzekoa dela pentsa dezake. Poliziaren aldetik herri harresi batean irain matxistak jasotzea edo identifikazio “normal” batean zakarkeria eta autoritarismoa pairatzea salagarria denik ere ez zaigu otutzen, edo lotsa emango liguke “gertatzen direnak gertatuta”. Hara zer erantzun zion adibidetzat jarri dugun Gasteizko Institutuko ertzainak, irakasleak hitzaldi bat emateko uniformea eta pistola soinean eramatea aurpegiratzean: “Hori da kontua, hain zuzen ere” (“hori”= gazteek polizia armatuaren figura normalizatzea). Nork bere neurrian eta moduetan, baina denok egin ditugu gure salbuespen iraunkorraren betaurrekoak.
Astindu bat behar dugu. Errealitatea goitik behera irauliko duen lurrikara orokor bat sortzeko moduko astinaldia. Salbuespen politiken eraikin juridiko-politikoa eraitsiko duena, segurtasunaren diskurtsoa eta injustuak izan arren legeak eta arauak obeditu beharra dagoelako aprioria indargabetuko dituena. Gutako bakoitzari salbuespen iraunkorraren betaurrekoak sudur gainetik erauziko dizkiguna.
Gauzak ez dira txuriak edo beltzak, ordea. Ikuskera hegemoniko guztiek dituzte haien arrakalak, disidentziak, anormaltasunak, ihesbideak. Mozal Legearen aurka sortutako Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma, papergabea ilegalki etxean erroldatzen duen herritar anonimoa eta hormak pintatzen jarraitzen duena, Zumaian edo Arrasaten udal horien garbiketa-ordenantzen aurka sortutako ekimen herritarrak, herri harresiak, taberna zein okindegietako solasaldiak, mobilizazio handi eta txikiak, poliziaren jarduna grabatzea, elkarrekiko ardura eta elkarzaintza.
Paradigma integrala bada, ikuspuntu integral batetik ekin beharko diogu deseraikitzeari. Gaur, edonola ere, ahaztuegi dugun aurpegi askotariko maila mikro horretan jarri nahi izan dugu arreta. Baina ez soilik mikropolitikaren esparruan inposatzen dizkiguten neurri eta baloreen inguruan. Baita hor eraiki ditzakegun erresistentzia zenbatezinetan ere. Aipatu dugu jada ertzainari zuzendu zitzaion irakaslearena, edo udaltzainen tratu zakarraren aurrean ezikusiarena egin ez zuen bilbotarrarena. Hitzaren adiera klasiko ortodoxotik harago, hori ere bada desobedientzia. Mikrodesobedientzia, nahi bada: Salbuespenaren mikropolitiken aurrean, mikrodesobedientziak. Horrelakoak “duinak” baina egiazki antzuak direla pentsatu ohi dugu askotan.
Galderatxo bat: imajinatu horrela pentsatzen dugun pertsona bakoitzak biolentziaren profesionalei, justiziaren profesionalei, politikaren edo espekulazioaren profesionalei tabernan, kalean edo bere “lan-tokietan” gurutzatu ahala, eurekiko gure “iritzia” jakinarazten diogula. Begirada soil batez, komentario batez, isekaz edo trufaz, ondokoagatik arduratuz, gure presentziaz edo presentzia ezaz. “Iritzi-emate” hori askoren ohitura bilakatzen dugula. Benetan uste al dugu horrek ez lukeela euren harrotasuna kikilduko? Gure txikitasuna harrotuko? Indar harremanak ez liratekeela eraldatuko?
Hona azken mikrodesobedientzia adibide eder bat, amaitzeko. Hona Lizarrako irakasle batek, polizia forala klasera zetorkiola ordu gutxi lehenago jakitean idatzi zuena. Idatzi, eta polizien eta ikasleen aurrean irakurri. Eskuak dardara batean eta beldurrari aurre eginez, are balio handiagoa ematen diona (jatorrizkoan gazteleraz, polizia jaunek ulertzeko moduan).
Egun on.
Gizon hau aurkeztuko dizuet, Nafarroako Polizia Foraleko kidea dena eta antza bideko segurtasun-arauen inguruan hitzegitera etorri zaizuena.
Bere azalpena hasi aurretik, topaketa honetaz dudan iritzia eman nahiko nioke:
Nik neuk, agiri guztiak behar bezala dituena, emakumezkoa eta zuria naizen honek, argi eta garbi dut, esperientziak hala erakutsita, zeinahi talde militarizatuko zeinahi poliziak ez duela helburu pertsonak eta, kasu honetan, eskolan ari diren gaztetxoak heztea eta informatzea, baizik eta beste helburu hauek dituela: zigortzea, beldurra sortzea, protesta zibikoak geldiaraztea eta herritarrak proiektu disidentetatik kanpo egon daitezen saiatzea.
Guzti horrengatik, ulertuko duzun moduan, zure presentzia ez zait atsegina, hortaz, banoa.
To! Eskoletara joan diren polizia guztiek eta euren ikasle guztiek horrelakorik bizi izan balute, indarrean jarraituko al lukete programak? Eta, (sasi) hausnarketa (ustez) burutsu eta garrantzitsuetatik harago: Eszena irudikatze hutsak plazera ematen badu, aizue, zer izan behar duen hori bizitzeak. Eta plazer handi eta txikiak, indibidual eta kolektiboak biderkatuko bagenitu?