Plazak betez

Behar bezalako bestarik gabeko bi urte luzeren ondotik, itzuli dira elkarrekin ospatzeko bestak, herria elkartzeko eta inguruko herrietako jendearekin elkarrekin egoteko.

Plazara Dantzara Herri Ekimena

2022-ko ekainak 16

Jakin badakigu elkarrekin erraten dugularik, denendako erran nahi dugula, bereizketarik eta bazterketarik gabeko besten kontu ari garela. Erasorik gabe eta libre ibiltzeko bestak.

Guri dagokigunez, mutil-dantzak izan dira borroka gunea, eta horrekin batean Baztanen hondar urteetan dantza parekidea eta librea paratu ditugu erdigunean. Lortu dugula ere erraten ahal dugu, azkeneko urteetan ez delakoz mutil-dantza baztertzailerik programatu herrietako bestetan.

Zorionez programatu ez, zoritxarrez, kontra programatu bai. Baztango Mutil-dantzariak taldeak Elizondoko bestetan mutil-dantza baztertzailearen saio bat edo gehiago kontra-programatu baitzuen. Elizako eremuan segitu dute beren bazterketa gauzatu nahian. 2019an dantza hartan sartzea erabaki genuen, eta emakumeak mutil-dantzetan onartzen ez dituen gizon taldeak, gurekin dantzan segitu zuen. Kontra-programazio hauek urteetan Baztango emakumeak sufritutako bazterketaren azkenengo erakusle dira. Bazterketa betikotzeko azkenengo saiakera, plaza parekidea ez onartzeko azkenengo temazukeria.

Honen aitzinean segituko dugu herritar guztiak herriko plazetara gonbidatzen. Batzuk bazterketa betikotu nahi badute ere guk herritarren arteko aniztasuna, askatasuna eta berdintasuna betikotu eta ospatu nahi ditugu.

Mezu honekin adierazi nahi duguna da, guk feminismoan lanean segitzen dugula, eta gero eta argiago dugula ez dugula bazterketa bakar bat ere onartuko denendako diren bestetan, ez bertze inon ere.

Iruritako eta Berroetako bestetan gozatu dugun bezala, goza dezagun gure kulturaren parte diren mutil-dantzetan plaza guzietan.

Gehiago