Pediatra zerbitzua orain!
Hodei Lizarraga Zufiaurre
Lekunberri Larraun, Araitz eta Beteluko gurasoak
2026-ko uztailak 5
Joan den urteko abenduan bertan behera utzi zenetik, Larraun-Lekunberri, Araitz eta Beteluko haurrak bertan artatuko dituen pediatria zerbitzurik gabe gaude eskualdean. Geroztik, egoera salatzeko mobilizazioak egin ditugu eta ekinean jarraituko dugu, izan ere, Osasun Departamentuarekin egindako bilerek ez dute soluziorik ekarri.
Gaia kokatzeko, egungo zerbitzuarekin Leitza eta Irurtzungo osasun-etxeen artean banatzen dira haurrak, eta hori ez da ez familiekin, ez udalekin adostu; horren ondorioz, eskualdeko 420 familiak desplazamendu luzeak egitera behartuak dira (batera edo bestera) oinarrizko zerbitzu hau jasotzeko.
Gure kexaren aurrean Osasun Departamentuak funtsean eskaintzen duena da Lekunberri-Larraungo Osasun etxean jardunaldi osoan arituko den erizaina eskaintzea eta jardunaldi erdian arituko den pediatra harekin batera. Medikua jardunaldi erdian edukitzeak eragozpen handiak ditu izan ere, bere jardunaldia osatzeko beste lanaldi bat beharko du profesionalak eta ezin zehaztu digute jardunaldi erdi hori nola antolatuko den gurean (zein ordutegitan, egunetan…). Jardunaldi erdian egonik, bera faltatuko denean Iruñeko larrialdietara jo beharko dugu beti (familientzat eta gaixoentzat logistikoki ekar dezakeena kontuan hartuz). Komeni da gogoraraztea, gainera, jarduera pediatrikoaren zati handi bat aldian behingo azterketetan, gaixotasun kronikoen jarraipenean, garapenaren kontroletan eta txertaketa-egutegiaren betetzean oinarritzen dela, eta, jakina, prestazio horiek ez dagozkiola larrialdi-zerbitzu bati. Honela, batetik, postua ez da egonkorra lan-baldintzei begira eta horrek gure haurren artatzea desegonkorra eta ez jarraitua izatea ekar lezake. Bestetik, formulak erizaina zama lezake pediatraren faltan bereak ez diren funtzioak eginarazteko arriskua izan lezakeelako.
Landa-eremuan bizi gara, eta, zentzu horretan, ezin dira hiriguneetako ratio berak aplikatu zerbitzuak antolatzerakoan. Nafarroan errealitate asko eta askotarikoak daude, eta zenbait prestaziotan agerikoa da landa-eremuek pairatzen duten gabezia. Gure ustez, bada garaia egoera horiek kontuan hartzeko eta zerbitzuak toki bakoitzaren baldintza eta beharretara egokitzeko, izan ere, landa-eremuan bizi arren, gainerako herritarrek dituzten eskubide berak ditugu, eta administrazioak eskubide horiek bermatu behar ditu.
Gainera, ez da nolanahiko datua: egoera zaurgarrian dauden pertsonak ere badaude ez daukatenak nola hurbildu osasun etxeetara eta kontuan hartu behar da garraio publikoaren eskaintza oso eskasa dela gure eskualdean, eta horrek are gehiago zailtzen duela osasun-arretarako irisgarritasuna.
Hori gutxi balitz bezala, zerbitzua gaur egun antolatuta dagoen moduan, profesionalek oso ratio altuak dituzte (Irurtzungo eta Leitzako osasun etxeetan), eta egiaztatu ahal izan dugu
zenbaitetan gainezka ere egiten dutela.
Gauzak honela, negoziaketetan eskaini zaigun aukera hau (bai eta une honetan indarrean den aukerak ere) ez dute gure ume eta haurren zerbitzu integral eta duinik bermatzen, ez eta familion eskubideak errespetatzen, eta hori hala, aldarria garbia da: pediatra eta erizaina behar ditugu eskualdean, Larraun- Lekunberri, Araitz eta Beteluko ia 500 haurrek gainerako Nafarroako haurrek bezala atentzioa bermatua izan dezaten, eta horren alde borrokan jarraituko dugu.
