16.000 sinadura aurkeztu dituzte hezkuntza publikoaren etapa guztietan ratioak jaisteko
2026-ko azaroak 21
Nafarroako hezkuntza publikoaren etapa guztietan ratioak jaisteko Herri Ekimen Legegilea babesten duten 16.000 sinadura baino gehiago erregistratu dituzte gaur. Auzolanean egindako ekimena izan da, Hezkuntza Publikoaren Alde plataformak bultzatu duena hezkuntzaren zenbait sindikatuen laguntzarekin. Horregatik azpimarratu dute “benetako herri-ekimen legegilea” izan dela. “Herritarrak, familiak, irakasleak eta langileak aritu gara, herriz herri, auzoz auzo, ikastetxez ikastetxe, eskola txikienetik auzo handietako ikastetxeetaraino, Nafarroa Garaiaren luze- zabal osoan, Bortzirietatik Caparrosoraino, Malerrekatik Tuteraraino, Baztandik Tafallaraino, ahoz aho, banan-banan”, zehaztu dute.
Hiru astean 16.000 sinadura bildu izana Nafarroako hezkuntza komunitatean ratioen jaitsierarekiko dagoen adostasunaren adierazlea da. Horrelako legea Parlamentua eztabaidatu ahal izateko eskatzen den gutxieneko sinadura kopurua ia hirukoiztu egin dela ere azpimarratu dute.
“Badakigu babes handiagoa bil genezakeela, baina lehenbailehen abiarazi nahi izan dugu legea tramitatzeko prozesua, 2027ko aurrekontuetan irakaskuntza publikoan ratioak jaisteko behar adina diru bidera dezaten eta, legegintzaldia amaitu baino lehen, gure ekimen legegilea eztabaida eta onar dezaten”, azaldu dute.
Hauteskunde-promesen garaian “herriak hitzez haratago, ekintzak eta baliabideak eskatzen” dituela hezkuntza publikorako eta hau bera dela eskuin muturra eta olatu erreakzionarioaren gorakadari aurre egiteko “tresnarik eraginkorrenetako bat” nabarmendu dute. Izan ere, kalitatezko hezkuntza sistema publiko batek “lagunduko baitu etorkizuneko herritarrak askeak, kritikoak eta denon eskubideak defendatzeko gai izatea”.
Nafarroako aurrekontuak
PSNk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta EH Bilduk iragarritako aurrekontu-akordioan ratioak jaisteko inolako partida espezifikorik ez agertzea kritikatu dute. “Oraindik garaiz dabiltza hori aldatzeko eta ratioak jaistea posible egiteko”, iritzi dute.
Bestalde, gehitu dute bildu dituzten sinadura guztiak hezkuntza publikoaren aldekoak direla eta ez dutela onartuko hezkuntza publikorako proposatzen den ratioen jaitsiera hau itunpeko eskoletara ere zabaltzea. “Diru publikoa behar handiagoak dituztenentzat bidera dezatela, egoera soziekonomiko edo linguistikoa edozein delarik ere”.
