PAIren gezurrak
Ane Apezetxea, Raul Lopez
STEILAS
2025-ko martxoak 11

PAIren apologetek argudio faltsuak erabiltzen dituzte programa defendatzeko. Lehenbizikoa da familia gehienek PAI aukeratzen dutela. Familia batek ikastetxea aukeratzeko, maiz gertatzen ez diren inguruabarrak bildu behar dira: hurbiltasun geografikoa (bizilekutik gertu egotea) eta/edo baliabide ekonomiko aski itunpeko ikastetxe pribatuen kuotak ordaintzeko edo beste ikastetxe batzuetara joateko. Ia ezinezkoa da PAI ez aukeratzea eremu “ez-euskalduneko” eskola publikoetako ikasle gehienentzat.
Bigarrena, baieztatzea da programaren ebaluazioa positiboa izan zela. Aipatu ebaluazioa 2016an egin zen 9 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin, 6 British programakoekin eta 3 PAIkoekin. Ikasturte horretan 75 ikastetxe zeuden PAIn. British programaren ezarpena oso desberdina izan zen PAIren aldean eta, gainera, absentismo handia gertatu zen probetara deitutako ikasleen artean. Hori dela eta, ikasteko zailtasunak zituzten ikasleen parte-hartzea txikiegia izan zen, eta horrek nabarmen aldatu zituen emaitzak.
Bestalde, PAI arautzen duen foru dekretuak ezartzen duenez, Lehen Hezkuntza bukatzean ikasleek lortu beharreko ingeles maila A2 da, eta DBH bukatzean B1. Maila horiek lortzeko, espezialistek ematen dituzten ingeles eskolak erabil daitezke, ratio egokia dutenak eta, horretarako, hizkuntzen benetako trataera integratua egin daiteke, koordinazio orduekin.
Diote, gainera, ingelesez ematen diren irakasgaiek ez dutela maila akademikoa jaisten, baina hori kontraesanean dago aurretik azaldu diren lortu beharreko mailekin. Nola sakondu daiteke eta ikaskuntza kritikoa izan Lehen Hezkuntzan A2 mailarekin? Zer prestakuntza mota lortzen dute B1 maila duten DBHko 4. mailako ikasleek? PAI desagertzen da Batxilergoan; izan ere, ikasleak jarraituko balu, ez litzateke gai izanen unibertsitatera sartzeko probak segurtasunez egiteko.
Beste gezur bat da errepikatzea ingelesaren ikaskuntzan berdintasuna lortu dela eta, horretarako, akademietara joan beharrik ez dagoela. Errealitateak gezurtatu egiten du hori; izan ere, akademien eta ikastaro trinkoen negozioa handitzeaz gain, ingelesezko klase partikularren eskaintza zabaldu da hizkuntza horretan ematen diren irakasgaietarako. Handitu egin da ikasle pobreen eta aurreko baliabideetarako sarbidea dutenen arteko aldea, eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako segregazioan ageri da, ikasle askok ez baitute A2 maila lortzen.
Azkenik, Maria Chivitek, 2014an, senataria zenean, bere alderdiko beste batzuekin batera sinatu zuen inkonstituzionaltasun helegitea, Balear Uharteetan ezarri nahi zen PAIren antzeko programaren aurka; izan ere, PPren gobernuak ingelesa eskatzen zien irakasleei, eta hainbat ikasgai eta katalana ikastea oztopatzen zuen. Balearretarako txarra dena, ona ote da Nafarroarako? Noiz arte arituko dira gezurretan?