PAI iruzurra. Egonkortasuna bai, trikimailurik ez

Hezkuntza kontseilariak Carlos Gimenok atzo trasladatu zigun sindikatuoi -banakako bileretan- bere asmo irmoa lege-proposamen bat egiteko Atzerriko Hizkuntzetako Programetan -PAI (ingelesarekin), PALE (alemanarekin) eta PAF (frantsesarekin)- diharduten irakasleak egonkortzeko, horretarako trikimailu legal bat baliatuta.

Nafarroa Garaiko LAB Irakaskuntza

2022-ko martxoak 11

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langileak egonkortzearen alde gaudela adierazi nahi dugu, baina prozesu hau behar bezala eta behar den kasuetan egin behar dela deritzogu, eta honek ez luke inondik ere funtzionatzen ez duten aipaturiko Atzerriko Hizkuntzetako Programak betikotzeko balio beharko.

Hasteko, Irakasle Kidego berri bat asmatu du kontseilariak. Orain arte, Maisu-maistren eta Irakasleen kidegoetan sartu ahal izateko, 276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko araudia onartzen duena eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrak agertzen den sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duena, bete behar da. Arau honek ezartzen du gaztelania eta Erkidegoetako koofizialak diren hizkuntzen ezagutza egiaztatu behar dela, ez ordea atzerriko hizkuntzena. Beraz, Errege Dekretu honek PAI, PAF eta PALE programetako irakasleak funtzionarioak bihurtzea eragozten duenez, atzerriko hizkuntza ezin baita betekizun gisa eskatu, Estatuko legea saihesteko foru-lege bat asmatu du Gimenok.

Modu honetan, gainera, atzerriko hizkuntzak bertako hizkuntzen gainetik -gaztelania eta euskara- jarriko ditu, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko C1a ez duten -bai, ordea, gaztelania eta euskara- irakasle askori sortuko diren plazak betetzeko aukera ukatuz. Egonkortzea eskubidea da, bai, baina norena, ordea?

Bestalde, Atzerriko Hizkuntzetako Programen kalitate urria frogatuta dago, pedagogikoki deskalabrua sortzen dutelako: segregazionistak dira, ikasleek lortutako atzerriko hizkuntzako maila ezbaian dago, curriculumeko gainontzeko arloetako emaitzak kaskartu egiten dira… Programa hauen kontra badaude ebidentzia eta ahots asko: Madrilgo Carlos III unibertsitatea; Londreseko University Collegea; Madrilgo Unibertsitate Autonomoa; La Chapuza del Bilingüismo dokumentalean azaltzen diren adituak; Europako hezkuntza sistema aurreratuenak, atzerriko hizkuntzak oso bestelako moduetan irakasten dituztenak… Azken finean, ikasle, familia eta langile asko sufritzen ari dira programa hauen “pandemia”, Foru Gobernuak 2005-2006tik Nafarroako ikastetxe gehienetan inposatu zuena. Orain, programetatik ateratzeko aukera ematen badu ere, hainbeste dira jartzen dituen baldintzak eta trabak non gehienek sarean harrapatuta jarraitzen duten eta, hau gutxi balitz, Hezkuntzak betikotuko ditu asmatutako Foru-legearen bitartez.

LAB sindikatuan eleaniztasunaren alde egiten dugu apustu, baina sinesten dugu lehenbizi bertako hizkuntzen menperatzea bermatu behar dela -egun gertatzen ez dena- eta atzerriko hizkuntzak berme pedagogikoekin irakatsi behar direla.

Honengatik guztiagatik, ezin gara ados egon PAI, PAF eta PALE bezalako programekin, ezta hauek bermatuko dituen legearekin, eta uste dugu gehiengo sindikalak aurreko batzuetan aldarrikatu bezala, badela programa hauen kontra mobilizatzeko garaia. Guk, gure aldetik, LABetik hala eginen dugu.

Gehiago