Orain, Nafarroako Gobernuaren txanda da
Burlatako haur eskoletako matrikulazio datuak ikusi ditut asteburuan Twitterren. %54k euskaraz egin du matrikula, %46k gazteleraz.
Maite Inda
2016-ko martxoak 23
Burlatako Udalak ausardiaz jokatu eta indarrean zegoen eskaintza aldatu egin du, euskaraz nahi zuen horri hori hautatzeko aukera eskainiz. Eta datuak argigarriak dira oso, bi zentzutan: bozgorailu batzuk azaleratu nahi duten herritarren euskararen kontrako jarrera ez da nahiko zuketena, alde batetik. Eta bigarrenik, eskaera eskaintza eginez azaleratzen da. Hori da modurik eraginkorrena. Iruñean ere Udalak euskarazko haur eskola kopurua bikoiztu egin du. Oraindik ez dugu daturik. Baina urratsa, eskubideen alorrean eta justizia sozialarenean esanguratsua da. Aldaketa honen harira ere kalapita itzela piztu dute bozgorailuak manejatzen dituztenek. Baina egunek aurrera egin ahala apaltzen joan da eta egunotan atarian egon garen 50 boluntario inguruk gurasoengan irribarrea ikusi dugu nagusiki. Apirilean ezagutuko ditugu datuak, baina nago irribarre eginen dugula ikusten ditugunean.
Orain, Nafarroako Gobernuaren txanda da. Iruñean dauden haur eskoletatik 5 bere eskumenekoak dira eta bakar batek ere ez du euskarazko eskaintzarik egiten. Parlamentuan izan gara berriki hori mahai gainean jartzen eta neurriak eskatzen. Esandakoa, orain, Nafarroako Gobernuaren txanda da.