Abian da Errigoraren Euskarari Puzka kanpaina berri bat “Sustraitik Espaziora” lelopean

2026-ko urriak 22

Gaur Tafallan martxan jarri dute Errigoraren Euskarari Puzka kanpaina berri bat Ager zonaldeko euskalgintzari ekarpen ekonomikoa egiteko Nafarroako hegoaldeko produktuarekin osaturiko saskiak erostearen truke. Urtetako kanpaina da hau, eta horren inguruan nabarmendu nahi izan dute eragin handia izan duela Nafarroako hegoaldean Errigoraren lanak, baita euskalgintzak historian zehar egindako ibilbideak ere. “Etorkizun hurbilean argia ikustea ere kosta egiten zitzaigun garai hauetan, ameslarion bandora batzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Euskarak, belaunaldiz belaunaldi, aurrera egin badu, dagoenarekin konformatu ez, eta konbentzimendua ez zen beste bermerik gabe pausuak eman zituzten horiengatik izan da”. Ikastolak, euskaltegiak, D ereduko lerro berriak, euskara taldeak…

“Hortaz, gaur hemen, deskonformismoaren eta amets egitearen apologia egitera gatoz. Euskarak Nafarroa erdi eta hegoaldean sustrai sendoekin lurrera lotu dadin, eta hortik, izarretaraino eramateko elkartasuna ehuntzeko”, adierazi dute. Errigora eta auzolanean ari direnen arteko aliantza berri batekin aurrera eramango dute Euskarari Puzka kanpaina hau. “Auzolanari lotzen gara urtero urtero, herri honen lurraldeen arteko joskurak indartzeko eta gure hizkuntza, herri honen hizkuntza, zaintzeko”. Azaroak
12ra arte saskiak eskatzeko aukera izanen da
. Saski hauek Ager eremuko lur goxoak emandako produktuz beterik izanen dira, eta horien %25 euskara sustatzeko bideratuko da. Gainera, 10€en truke, Lodosako Ibaialde ikastola laguntzeko egutegi bat erosteko aukera izanen da.

Auzolan erraldoia, azaroaren 7an

Urtero legez, saskiak egiteko Ablitasen bilduko dira Errigorako laguntzaileak. Auzolanaren bitartez, milaka kutxa osatuko dituzte giro paregabean, eta arratsaldean Tuteran jai giroa iragarri dute. Izena emateko epea zabalik da.

“Sustraitik Espaziora” dokumentala, Errigoraren historiaren laburpena

Euskarari Puzka kanpainaren lehen edizioa 2013an ospatu zen. Nafarroan “zona no vascofona” deitzen zitzaion lurreko hainbat eragilek bizi zuten egoera larriari Euskal Herri mailako erantzuna eman nahian, han eta hemengo hainbat euskaltzale elkartu eta Lekeitioko arrantzaleen kutxak Erriberako produktuz bete zituzten, euskal lurraldeen arteko loturak biderkatu eta elkartasuna ehuntzeko. Ordutik, Errigora izeneko proiektu zoro bezain zoragarria lurra, euskara eta auzolanaren arteko topaguneak bilatu eta bultzatzen dabil, ehunka euskaltzale batzen dituen sare erraldoia ehunduz eta Ager eremuko euskalgintza eta lehen sektorea indartuz.

Urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean, Errigoraren historia biltzen duen “Sustraitik Espaziora” dokumentalak ikusteko aukera izanen da Euskal Herriko hamarnaka herri eta auzotan.

Gehiago