Abenduaren 15ean “Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain!” lelopean mobilizazioak deitu ditu EHEk
Gaur goizean, EHEk Nafarroako Parlamentuaren aitzinean abenduaren 15ean Vascuencearen Legearen 40. urteurrenaren karira eginen diren mobilizazioen berri eman du.
2026-ko urriak 12
Urriaren 12an, Espainiar kolonialismoa eta inperialismoa goraipatzeko eguna dela iritzita, “kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida pairatzen duten herri guztiei” elkartasuna adierazteko baliatu nahi izan dute EHEko kideek. Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian salatu nahi izan dute estatu espainiarrak eta frantzesak “Euskal Herrian zein beste herrien aurka aurrera eramaten dituzten politika eta jarrera zapaltzaile” guztiak eta horien aurka egitearen beharra aldarrikatu dute.
“Bestetik, Euskal Herritik, euskaratik eta euskaraz, gure kultura eta hizkuntza aldarrikatu behar ditugu. Izan ere, gure hizkuntza eta kulturak ekartzen dituen mundu-ikuskerak, kolonialismoak zein inperialismoak inposatu nahi duten homogeneizazioaren aurrean erresistentziarako tresna ezinbestekoak dira”, esan dute, eta euskal kultura beste herri zapalduei elkartasuna adierazteko tresna ere badela azpimarratu dute. “Ez dugu onartuko euskara izatea diskurtso faxistak elikatzeko tresna. Alderantziz, euskarak faxismoaren aurrean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar du”, aipatu dute.
Euskararen kontrako “oldarraldi politiko-mediatiko-judiziala” estrategia bihurtu dela gaineratu dute. “Baina aspalditik ezagutzen ditugu euskararen eta euskaldunon kontrako legeak. Lege horietako bat dugu Nafarroa garaiko Vascuencearen legea”. Abenduaren 15ean 40 urte beteko dira lege hau onartu zenetik, eta EHEk deialdia luzatu du 40. urteurren egunean eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko “Euskal Herri osoan euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna aldarrikatzeko”. Mobilizazio hauek modu deszentralizatuak eginen dira “Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain!” lemapean, eta horietan Euskal Herrian Euskaraz kantua abestuko da.
Datozen asteetan, eskualde ezberdinetan batzar irekiak eginen dituzte abenduaren 15eko ekitaldia aurkezteko.
Gehiago
Nafarroa Oinez, euskararen aldeko auzolan erraldoia urriaren 18an Zizur Nagusian
Zizur Nagusia eta Ardoi eta Galar artean izango den jaiaren egitaraua eta ibilbidea aurkeztu dute Erentzun eta San Fermin ikastolek
1
