‘No, aquí no hay!’

Errotxapeako osasun etxean mediku edo pediatra euskaldunak nahi dituzula galdegiten duzunean, hori da harreran jasotzen duzun erantzuna.

Oskar Martinez, Arantzazu Martinez eta Nestor Esteban. Errotxapeako ”Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimeneko kideak.

2016-ko urriak 3

Horregatik, osasun etxean ere euskaraz bizi nahi dugun hainbat auzokidek, apirilaren 27an

“Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena jarri genuen abian. Orduz geroztik 50 lagun

inguru izan gara Osasunbideari gure kexa helarazi, eta gure eskubideak berma daitezen mediku

eta pediatra euskaldunak exijitu dizkiogunok. 

Osasunbidearen izenean, osasun etxeko zuzendaria izan da erantzun duen bakarra: ”Osasun

etxe honetako osagile eta pediatrako lanpostuetarako ez da betekizun hori eskatzen;

Nafarroako Gobernuari edo Parlamentuari dagokio osagile eta pediatrako lanpostuak

betetzeko euskaraz jakitea nahitaez eskatzeko egin beharreko lege-aldaketak egitea.” 

Idatziak dioenari jarraituz beraz, ekainaren 28an Nafarroako Gobernuari bilera eskaera egin

genion. Laster erantzungo zutela esan ziguten momentuan bertan, baina hiru hilabete pasa

dira orduz geroztik eta ez dugu hitzordurako proposamenik jaso. Axolagabekeria?

Arduragabekeria? Denbora kontzeptua ulertzeko ikusmolde ezberdinak? Ez dakigu. 

Dena den, blokeo egoera hau eman zitekeela aurreikusita,herri ekimeneko azken batzarrean

adostu genuen Nafarroako Gobernua sustengatzen duten alderdi politikoei bilera eskaera

egitea. Osasun etxera goazen bakoitzean bizi dugun diskriminazio egoeraren berri emateko

batetik; eta arazoa konponbidean jartzeko hartu beharko lituzketen neurriak lehenbailehen

zehaztu eta aplika ditzaten esateko bestetik. Hori da hurrengo egunetan egingo duguna,

jakinarazi nahi dizueguna. 

Bide batez, orain arte mediku eta pediatra euskaldunak exijitu ez dituzuen auzokideak animatu

nahi zaituztegu horixe bera egitera. 

Euskaraz osasuntsu bizi!

Gehiago