Nafarroako Gobernuari kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzea dagokio.
Orain hilabete batzuk arte kalitatezko osasun zerbitzua jasotzen genuen herrian. Osasun etxean zegoen pediatra euskaldunak artatzen gintuen. Batzuek hasieratik horrela eskatu genuelako; beste batzuek, eskatu beharrik gabe horrela egokitu zitzaigulako.
2021-ko azaroak 15
Baina egun batetik bestera,eta horren berri jaso gabe, pediatra euskaldunik gabe utzi gintuzten. Harrerakoei galdetuta ez zekiten zerbait puntuala ala behin betikoa izango zen.
Hortaz, Osasunbideari arrazoia zein zen galdetu genion.
Erantzuna honako hau izan zen: “Jakinarazten dizuegu J.A. doktorea dela plaza jabetzan daukana arratsaldeko txandan, hura eskuratu baitu lekualdaketa bidez. Izan ere, E.G. doktorea bitarteko langile gisa ari zen lanpostua betetzen. Antsoainen ez dago euskarazko eskakizuna daukan pediatra lanposturik, eta jakin ezazue ulertu egiten dugula zuen eskaera. Aukera duzue eskatzeko Antsoainen ondoko oinarrizko eskualdeko pediatra euskaldun batek arta zaitzatela. Nik, ordea, animatzen zaituztet gure osasun etxean jarraitzera, hori da-eta dagokizuena”.
Arrazoia ezagututa, eta ikusirik eskaintzen ziguten konponbideak ez gintuela asetzen -Beste herri/auzo bateko osasun etxera joatearena, baina gomendatuz dagokigun osasun etxean jarraitzearena pediatra erdaldun batekin-, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren bitartez Osasunbidean kexa aurkeztea erabaki genuen.
Behatokiak jasotako erantzuna: “Antsoaingo osasun etxeko pediatra lanpostuetarako ez da betekizun hori eskatzen (nahitaezkoa euskara jakitea); horregatik, Nafarroako Gobernuari edo Parlamentuari dagokio, lanpostu hori betetzeko, euskaraz jakitea nahitaez eskatzeko egin beharreko lege-aldaketak egitea”.
Arartekoak ere Osasun Departamenduari honako hau iradoki dio: ”behar diren neurriak har ditzala Antsoaingo osasun-zentroan osasun-arreta euskaraz eman ahal izateko, herritarrek hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea erabiltzen dutenean .”
Beraz, Nafarroako Gobernuari kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzeko -pediatra euskalduna eskaintzeko- hartu beharreko neurriak lehenbailehen hartzea exijitu nahi diogu. Kendu digutena berreskuratu nahi dugu, eta lortu arte ez dugu etsiko.
Antsoainen pediatra euskalduna!