Luma, etorkizun hobea eta justoagoa idazteko

Egunotan zenbaki bat dabilkit buruan, hogeita hamar, edo hobeki esanda, hirutan hamar. Izan ere, hogeita hamar urte bete berri dira Nafarroa hirutan banatu zutela. Hogeita hamar urte bete berri ditu Nafarroako Euskararen Legeak.

Paul Bilbao Sarria, Kontseiluko idazkari nagusia

2016-ko abenduak 16

Hogeita hamar urte dira Nafarroan herritarren eskubideak bereizteko harresia eraiki

zutela. Hogeita hamar urte agintariei herritarren eskubideez arautzeko ematen zaien

eskumen hori baliatuta, inolako lotsarik gabe, lehen eta bigarren mailako herritarrak

bereizteko harresia eraiki zutela. 

Luma zorrotzek idatzi eta onetsi zuten duela hogeita hamar urte herritarrei

eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortuko zizkien legea. Tinta beltzadun

lumak erabili zituzten, bai, herritarrak tatuatzeko. Finean, herritarrei eragiten baitie

luma zorrotz haiek idatzitakoak. 

Hizkuntzari dagokionean, ez gara ari herritarren kapritxoez edota elementu

folklorikoez; ez, horixe. Herritarren oinarrizko eskubideez ari gara, eta hori horrela,

ileak lazteko modukoa da ikustea luma zorrotz batzuei zein nolako eskumenak

eman dakizkiekeen. Herritarrak eskubidez gabetzeko ahalmena izan dezakete luma

zorrotz beltzek. 

Tinta beltzadun lumaz idatzitakoa nahikoa ez, eta 2000 urtetik aurrera Gobernuak

are azpimarra beltzagoak egin zituen. Ez zen, ez, nahikoa, herritarren artean

bereizkeria eragitea. Kolore beltzez idatzitako lege hura are ilunagoa nahi zuten,

orban beltz bihurtzeraino. Lumaren zorroztasuna baliatu zuten papera bera

urratzeko, apurtzeko, euskaldunak desagerrarazteko. 

XXI. mendean bizikidetzaz, kohesioaz, justiziaz hitz egiten dugun honetan,

bestelako Nafarroa bat buruan dugunean, ez al da unea bidegabekeria honi amaiera

emateko? Nafarroa berria eraikiko badugu buelta eman diezaiegun orain arteko

bidegabekeriei. 

Luma ederrak izan ditugu Nafarroan historian zehar, euskaraz idatzi duten lumak.

Herritarren lumekin idatzitako milaka koaderno osatu dira ikastoletan, eskoletan,

euskaltegietan… Jendarteak berak abiarazi dituen hamarnaka hedabideetan ere,

koloretako lumak baliatu dituzte ehunka euskaldun eta euskaltzalek. Askok

gogoratuko duzue baita ere 2000 urtean 50.000 herritarrek koloretako lumez sinatu

zuten euskararen lege berri baterako eskaera, bizikidetzarako eskaera. 

Izan ere, aspaldi utzi ditugu konplexuak etxean, eta dagokiguna eskatu behar dugu.

Administrazioarekin euskaraz aritu nahi izatea ez da nahikeria, eskubidea baizik. Eta

hori horrela izateko neurriak eskatu behar dira. 

Pasa den ostegunean Nafarroako Euskararen Legearen 30. urteurrenaren harira

Iruñeko Condestable jauregian egin genuen ekitaldian luma berri bat eman genion

Ainhoa Aznarez andereari, Parlamentuko presidenteari. Etorkizuna hobea,

justuagoa izan dadin beharrezkoak diren tresnak idazteko luma. Lege berria

idazteko luma. Idazteko, bai, izan ere, paper zurian idazten ez badugu, arriskua

baitago paperak hegan egiteko. 

Ausardiaz, kemenez eta arduraz jokatzea tokatzen da orain. Tresnak eskura daude,

eskutik goaz, eskura dezagun.

Gehiago