Iruzurraren bidean: lehen hezkuntzako 3. eta 6. mailako probak

Aurreko astean Nafarroako Hezkuntza Kontseilaria den Mendozak, LOMCE legearen ezarpenaren inguruan hainbat informazio kaleratu zuen. Hezkuntza Departamentuko informazio, nahasia, argitasunik gabekoa eta erabat kontrajarria da.

Alberto Goikoa. LAB Irakaskuntza.

2016-ko maiatzak 19

Une honetan ikastetxeetan LOMCEren ezarpena ia erabatekoa denean, harrituak daude ikasturte honetako 6. mailako proben helburua zein den ezin igarri. Zer eta zertarako den zehaztu gabe dago eta, hezkuntza komunitatea ezjakintasunean murgildua utzi du. Korapilatua izateaz gain, asmo izkutuak daudelakoaren usteak gero eta ugariagoak dira.

Ikasturte hasieran oposizioekin gertatu zen bezala, oraingoan 3. eta 6. mailako probekin, Hezkuntza Departamenduak erabakia hartu behar duenean asmo ezkutuen lerrora jo du. LOMCEren kanpo frogak ez direla adierazi duen arren, diagnosi probak direla esan duen arren, lege barruan mugitzeko asmo osoa adierazi du. Honekin zer esan nahi du? Indarrean dagoen legea beteko duela, LOMCE, alegia.

Kontseilariak LOMCEren kontrako jarrera behin eta berriro adierazten du, baina segurtasun juridikoaren izenean ikastetxe guztiak bukaerarako ebaluazioa egitera behartzen ditu hezkuntza komunitateari berriro iruzur galanta eginez.

Urte hasieran proba pilotuak martxan jarri zituztenean, LABek proba hoien helburua zein zen galdetu zuenean, Hezkuntza Departamentuak diagnosi probak zirela erantzun zuen. Gaur esan dezakegu, orduan trikimailuak erabili zituztela Hezkuntza Komunitatea desaktibatu ahal izateko. Iruzurrak orduan izan zuen hasiera.

3. mailako fobrak pasatzea ikastetxeen esku utzi dute, LAB-ek proba horiei planto egiteko dei egiten du, gainera ikastetxeak jarrera aktiboa hartzera gonbidatzen ditugu. Planto egingo duten ikastetxeek erabaki hau publiko egitea. Hezkuntza Departamentuak entzun dezala behingoz, Nafarroako Hezkuntza komunitateak ez duela, LOMCEren flexibilizazio ezta moratoriarik nahi. Behingoz gure Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak eman ditzala.

6. mailako probei dagokionez, Hezkuntza Departamentuaren jokaera ezkutua eta iruzurraren usaina hartzen diogula ikusirik, Hezkuntza Komunitateari gonbitea luzatzen diegu proba hauen gaineko hausnarketa egin dezan eta ahalik eta adostasun handienarekin erabaki kontsekuenteak har ditzan.

LABetik Kontseilariari esaten diogu, Kalitatezko Hezkuntza Sistema berria lortzeko politika garatu nahi badu, utz ditzala trikimailuak. Hezkuntza Komunitateko eragileekin has dadila lanean eta LOMCEren aurrean estrategia komuna osatzeko urratsak eman ditzala. Era berean, ebaluazioa eredu propioaren bidean eztabaida ireki dezala. Ausardiaz, guztion artean proiektu propioa sortuz, LOMCEren garapenari aurre egin diezaiokegu eta Hezkuntza Sistema Propioa garatu!

Gehiago