Irakasle greba: lehenengo pertsonan, pluralean

Alis Alonso

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kide eta irakaslea

2024-ko urriak 22

Hezkuntzan urte gutxiko esperientzia izan arren, aspaldiko giro interesgarriena dagoela esateko luxua emanen diot nire buruari: eztabaidak, testuak, hausnarketak, asanbladak eta proposamenak loratzen ari dira Nafarroako hainbat ikastetxeetan.

Pentsa daiteke hori guztia sindikatuek greba deialdi bateratuak egin izanaren ondorio dela; nire ustez, ordea hezkuntzaren krisiak eta azken hamarkadetako erreforma orokorrak sortutako ezinegonaren produktu dira, gehien bat. Irakasleek soilik ez, beste edozeinek ere ikus dezake (irakurtzeko gaitasunaren emaitzetan, klase partikularren beharraren hazkundean, arazo psikologikoak artatzeko ezintasunean…) hezkuntza gainbeheran dagoela; krisiak lan baldintzak kolpatu dituela, baina bereziki heziketa prozesua.

Argi dago greba deialdiek zenbait eztabaida azaleratu dituztela. Ikastetxeetako langileoi dagokigu, orain, eztabaida horien terminoak definitzea, alegia: negoziazio mahaian erabaki daitezkeen gauza horiez gain, zein da hitz panpoxoz saltzen zaizkigun aldaketen jatorria? Zein da hezkuntzaren pribatizaziorako joera frenatzeko bidea? Nola geldituko dugu ikasleen osasunean eta adimenean kalteak eragiten dituen digitalizazio masiboa? Nola egingo diogu aurre edukiaren desbalorizazioari eta ezagutzaren galerari? Zein ratiotik aurrera ez dugu klaserik emango? Nola egingo dugu baliabideak gehien behar dituzten horiei bideratzeko?

Gure lan baldintzez aparte gure ikasleekin eta, oro har, hezkuntzaren kalitatearekin kezkaturik bagaude, ezin ditugu gure itxaropen guztiak politikari profesionalengandik euro batzuk gehiago lortzean jarri, izan Gimeno, Chivite edo bere ondorengoak. Has gaitezen gure ikastetxeetan alda daitezkeen gauzak borrokatzen, sindikatuen deialdiaren zain egon gabe. Atsedenaldietan eta kafe tarteetan ateratzen zaigun ezinegonari forma antolatua eman diezaiogun: gure lanarekiko dugun kontrol falta sentsazioa ulertu dezagun; eguneroko amorrua planto bilakatu dezagun; jarrera erreakzionarioei determinazioz erantzun diezaiegun; hurrengo belaunaldien ongizatean eta etorkizuneko gizartearengan dugun arduran berriro sinistu dezagun.

Aipatutako egonezin eta grin hori guztia ez dadila grebaren hurrengo egunean amaitu. Jarraitu dezagun ikastetxeetan antolatzen eta eztabaidatzen, hori izango baita, izatekotan, hezkuntza eraldatzeko abiapuntua.

Gehiago