Hirutik batera

Gogoan dut 2015ko apirilaren 25ean leporaino betetako Anaitasuna. Milaka herritarrek harrotasunez eta gogotsu astintzen zituzten Euskaraz bizi nahi dut lelodun paperak. Alaitasuna eta poza iradokitzen zuten bertaratutakoen aurpegiek.

Paul Bilbao. Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAren idazkari nagusia.

2018-ko urriak 21

Finean, urteetan pairatutako iluntasuna argitzeko aukera errealak egon zitezkeela
hautematen zen gizartean, eta, noski, euskaraz bizi nahi dugunok ere besoak zabalik hartzen
genuen aldaketa. Behin baino gehiagotan adierazi bezala, hizki larriz idatzitako aldaketa,
euskaratik eta euskaraz etorriko zen aldaketa bazetorrela irudikatzen hasiak ginen. 

Zer esanik ez dago, aldaketaren zutabe nagusia ere irudikatu genuela Anaitasunan
zonifikazioaren harresia bota genuenean. Egun nafarren artean, beste inongo eremutan ez
bezala, eskubideen zonifikatzea eragiten duen lege bidegabea baliogabetzean kokatzen
genuen aldaketa. 

Tamalez, guretzat injustiziaren ikur den araudia baliogabetzea desadostasun bihurtu zen
aldaketa sostengatzen duten alderdien artean. Hori ere ulergaitz egin zitzaigun, finean,
berdintasuna bermatuko zuen aldaketan desadostasun bihurtu zen herritarren arteko
bereizkeria sortzen zuen araua baliogabetzea; hamarkadetan egindako aldarria desadostasun
bihurtu zuten. 

Oztopoak oztopo, desadostasunak desadostasun, egia da orain aukera erreala zabaldu dela
Nafarroako Parlamentuan azken hamarkadetako bidegabekeria zuzentzeko; beti ere, baldin
eta aldaketa sostengatzen duten alderdien borondatea egonez gero. 

Urriaren 3an Parlamentuko Batzordean Kontseiluak lege berrirako proposamena aurkeztu
zuen. Bertan jakinarazi genuen geure proposamenak herritarren bizipenak dituela oinarri;
Tuterako, Lizarrako, Iruñeko, Barañaingo, Baztango… herritarrek euskaraz bizitzeko
dituzten zailtasunei eta oztopoei aurre egiteko proposamena. 

Finean, Parlamentuak herritarren egunerokoan eragiten duten legeak idatzi eta onartzen
ditu, eta beraz, ezinbestekoa zitzaigun indarrean dagoen araudiak herritarrei zer-nolako
oztopoak eragiten dizkien mahai gaineratzea. Izan ere, egungo Euskararen Legeak zuzenean
eragiten die Nafarroan euskaraz bizi nahi duten milaka herritarrei, eta horren
zentzugabekeria agerian jartzeaz gain, ikustarazi nahi izan genuen izen-abizendun nafarrei,
urtero zergak ordaintzen dituzten nafarrei, haien auzokoak diren nafarrei ukatzen diela
Euskararen Legeak euskaraz bizitzeko eskubidea. 

Egia da, bai, erantzunik jaso ez duen galdera egin genuela Parlamentuan: Zein oztopo edo
arazo dago nafar guztiei hizkuntza-eskubide berdinak aitortzeko?
Kontseiluaren lege-proposamena
prestatu genuenean, legeak ezarritako eremu misto eta ez-euskalduneko herritarrek galdera

hori mahai gaineratzen zuten behin eta berriro, izan ere, ulergaitz, ulertezin, egiten zitzaien
euskaraz bizitzeko eskubidea ukatua izatea. Oraindik herritarrei eskubideak ukatzeko
justifikaziorik ez dute azaleratu ofizialtasunarekin bat egiten ez dutenek. Egia esan,
arrazoiak baino aitzakiak entzuten ari dira behin eta berriro. Kezkagarria. 

Guk argi dugu herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko dien eta, ondorioz, botere
publikoei betebeharrak ezarriko dizkien aukera juridiko bakarra ofizialtasuna dela. Gaur
egungo ordenamendu juridikoan ez da existitzen herritarrei aitortzeko eta botere publikoei
beharrak jartzeko beste aukerarik. Hori ez bada, herritarren eskubideen aitortza tokian
tokiko edo garaian garaiko administrazioen araberakoa izango da. Ez dugu besteek baino
gehiago izan nahi, baino ez dugu inor baino gutxiago zertan izan eta ez dugu merezi inor
baino gutxiago izaterik. 

Horrexegatik, eztabaida Parlamentuko lau hormetatik atera behar dugu. Herritarrak
erdigunera ekartzea izan zen gure helburua, baina oraingoan herritarrok joan behar dugu
erdigunera, Iruñeko erdigunera hain zuzen ere. Euskaraz bizitzeko herri gogo indartsua
kalera atera behar dugu berriz ere. 

Horrela, urriaren 27an herritarrok erdigunean jartzeko aukera izango dugu. Are gehiago,
gaur egungo bidegabekeria Iruñean irudikatuko ditugun hiru zutabeetan islatuko da.
Urriaren 27ko zutabeak justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren zutabeak izango dira.
Geure aldarriaren oinarrian horixe besterik ez dago. 

Mobilizazioaren amaieran, hiru zutabeok bat egingo dute Bakearen plazaren bueltan. Hain
zuzen ere, justiziak, berdintasunak eta kohesioak bat egitean elkarbizitzan aurrera egingo
dela erakutsi nahi dugulako. Horrela, azken metroetan modu sinbolikoan hiru zutabeak bat
bihurtu eta elkarrekin egingo ditugu azken urratsak, horixe baita Euskararen Lege Berriak
ekarri beharko lukeena: Hirutik batera.

Gehiago