Hezkuntzarako eta enplegua sortzeko aurrekontuak

Nafarroako aurrekontuak onartu berri dira lehen aldiz 2012 ezkeroztik. Hiru urtez atzeratzen egon ondotik poztekoa da dudarik gabe. Hala ere, gobernuak eta gobernua sustengatzen duten partiduek adierazi duten harrotasuna gehiegizkoa da.

Amaia Zubieta eta Kepa Yécora. STEILAS Sindikatua.

2016-ko otsailak 4

Parlamentu Soziala osatzen dugun eragileek urtarrilaren 18, 19 eta 20an jardunaldi
batzuk burutu genituen aurrekontuen proiektuko zenbait arlo eta sektore aztertzeko.
Balorazioa ez da hain positiboa izan. Aurrerapen batzuk egon arren, asko dago oraindik
hobetzeko.

Hezkuntzari dagokiona, gobernu programan ezinbesteko zerbitzua zela agertzen zen,
baina aurrekontuetan ez dira aurreikusten behar diren baliabideak hezkuntza sistemaren
beharrei egoki erantzuteko.

Aurreko urtetakoekin alderatuz, %4 igo arren, ez da inondik ere nahikoa 2010tik
jasan diren murrizketa basatiak konpentsatzeko. 2010tik 2015 arte hezkuntzan ikasleen
kopurua %10 igo den bitartean, inbertsioa %12,5 jaitsi da.

Gainera, Nafarroak bere aurrekontuetatik hezkuntzan porzentai txikiena inbertitzen
duen lurraldea izaten jarraitzen du, %15,4 eta batez bestekoa %20tik gorakoa da. BPGtik
berriz, %3,5 bakarrik eskaintzen zaio hezkuntzari, oso urruti gabiltza nazioarteko erakundeek
aholkatzen duten % 6-7tik.

Nafarroako ikaslegoko gastua beste lurraldetan baino altuagoa dela argudiatu daiteke,
UPN aurreko legealditan behin eta berriro errepikatu duen moduan, zerbitzu honetan
egindako inbertsio murritza justifikatzeko. Baina gure ustez datuak portzentaietan hobe
erakusten dute hezkuntzari ematen zaion garrantzia eta zerrendaren amaieran gaudela
ikustarazten dute.

Hezkuntza pribatuak eta publikoak ez dituzte berdin jasan murrizketak. Itunak
blindaturik egon dira urte hauetan eta aurreko urtetan hezkuntza pribatuari finantziazio
berdina edo gehiago bermatu zaio eta hala jarraituko du 2016an. Derrigorrezko etapak soilik
ituntzen dira lurralde gehienetan, baina Nafarroan Batxilergoa eta Lanbide Heziketako
ikasketak ere itundu ohi dira eta hala jarraituko du, momentuz behintzat.

Azken asteotan hezkuntzako LEPa guztion ahotan egon da. Lanpostuen egonkortzea
eta enplegu sorrera gai garrantzitsuak dira dudarik gabe. Hala ere, kontuan hartuz 2010etik
800 lanpostu galdu direla eta 2011ko uztaileko Errege Dekretuko ratioak errekuperatuko
direla soilik, 50en bat besterik ez 2016ko irailetik aurrera. Ez dirudi, plantiletarako izango den
diru kopuruarekin aukera izango denik aniztasun trataerarako irizpideak hobetzeko eta are
gutxiago irakas ordu zuzenak jeisteko.

Hala ere hobekuntzaren bat izango da: diru nahiko aurreikusten da bajak eta
baimenak ordezkatzeko. Ondorioz, oraingo irizpideak aldatzeko aukera egongo da eta honekin
batera ordezkapenetarako kontratuak areagotzeko ere.

Nahita edo nahi gabe, zenbait alderdi politikok eta sindikatuk ondorengo termino
batzuk nahasten ibili dira: enpleguaren sorrera eta enpleguaren egonkortzea; modelo
ezberdinetako interinoen portzentaia edo hizkuntza programak eta enplegu hau LEP baten
bidez egonkortzeko aukera, oraingo eta etorkizuneko hezkuntza sistemaren beharren arabera.

Eztabaida hauetan murgiltzen ginen bitartean, hezkuntza sistemaren premiazko
beharrei buruz hausnartzeko aukera ezin hobea galdu dugu; beharrezkoak diren baliabideak
azpiegiturekin hornitzeko, aniztasuna tratatzeko baliabideei, irakaslegoaren formakuntza,
hezkuntza hezkidetzailea, …

Aurrekontuen aurrerapen txiki hauek 2017an askoz handiagoak izateko lan egingo
dugu, ikaslegoari merezitako kalitatearekin erantzuteko enplegua egon dadin eta langileen lan
egoera hobetu dadin.

Iruñea, 2016ko otsailaren 3a

Gehiago