Hezkuntzak ez du aldaketaren trenera igo nahi

Ikasturte berri bat hasi dugu, baina berritasunak gutxi dira, eta ilusioak ere, urri. Legegintzaldiaren erdia gainditu ostean, egiazta dezakegu aldaketaren gobernuak, hezkuntza publikoari lehentasuna ematen diola adierazi arren, apenas ezarri duela haren kalitatea eta irakasleen lan baldintzak hobetzeko neurririk; aitzitik, hitzarmen bat sinatu du itunpeko ikastetxeetako langileekin, haien finantzaketa blindatzeko edo.

Amaia Zubieta eta Raul Lopez. STEILAS.

2017-ko irailak 18

Iragan martxoan hasi ziren unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sindikatuen arteko
negoziazioak Mahai Sektorialean, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Itun berri bat lortzeko.
2018ko aurrekontuen proiektuaren lanketari heldu baino lehen amaituko zen negoziazio azkar bat
hitzartu zen, 2007an hasi eta 2011n amaitu zen hitzarmenean oinarritua, helburu gisa zuena
hezkuntza publikoak jasan dituen mozketa izugarriek utzitako egoera onbideratzeko lehentasunak
eta egutegia ezartzea. Era berean, itun horrek lan harremanen esparru argi bat ezartzea ekarri
beharko zuen, 2009aren amaieratik, hau da, UPNk bakar-bakarrik aurrekoa ez betetzea erabaki
zuenetik baikaude halakorik gabe. Sindikatuok bizkor helarazi genituen gure proposamenak, eta ia
hiru hilabetez joan ginen haiek zehazten eta xehetasunak eransten. Fase hori amaitutakoan,
Hezkuntza Sailari zegokion urratsak ematea eta proposamen bat aurkeztea, benetako negoziazio
faseari ekiteko. Proposamena ekainean helarazteko konpromisoa hartu zuen, hiru hilabete luze igaro
dira, eta oraindik ez dugu ezer mahai gainean. Ekainean aitzakia zen gobernuan diren beste
alderdiekin aurreakordio batera iritsi beharra zegoela. Alderdi guztiek hezkuntzan berriz
inbertitzeko garaia iritsi dela esan ostean, Hezkuntza Sailak, sindikatuekin eseri eta premiak
elkarrekin aztertu eta haiek asetzeko beharrezko baliabideak zenbatu ordez –hitzartutakoari
jarraikiz–, jarrera pasiboa hartu du eta gobernuak sail bakoitzerako gastuaren muga ezarri zain
dago, eta ondorioz, ez du ia tarterik utzi negoziaziorako. Funtsezkoa den zerbitzu publiko bat
baliabidez hornitzeko sindikatuekiko hitzarmena atzeratu egin da, eta, berriz ere, baliabide horiek
makroegiturak egiteko bideratu dira; esaterako, AHT edo izaera sozial zalantzagarriko beste
proiektu batzuk. 

Deigarri egiten zaigu, bestalde, abuztuaren erdian zenbait itunpeko ikastetxetan Haur
Hezkuntzako lehenengo mailako ratioa handitzeko hartutako erabakia, kontuan izanda haren aurka
zeudela bai gobernuan diren alderdiak, bai tokiko eskolatze batzordea. Hala jokatuta, nekez emango
zaio buelta sareen arteko desorekari. 

Programari buruzko akordioan jasotako beste gai batzuei dagokienez, adibidez 0-3 zikloa,
onartu beharra dago familiek ordaintzen dituzten tasek behera egin dutela, baina hezkuntza
eskaintza doako eta unibertsal izateko helburutik oso urrun gaude oraindik, eta are urrunago

zikloaren kudeaketa bateratua egin ahal izatetik. Esan genezake kontrako norabidean goazela; izan
ere, zenbait Udal beren udalerrietako haur eskolen zuzeneko kudeaketa beren gain hartzen ari dira
berriz, aurrez esparru orokorrik eta hezkuntza planteamendu bateraturik ezarri gabe. 

Gobernuak garaturiko hizkuntza politikari buruz STEILASek egiten duen balorazioa oso
negatiboa da. Zoritxarrez, egungo gobernuak ez du aurrekotik oinordetzan jasotako hizkuntzen
tratamendu tamalgarria aldatzeko ausardiarik izan, eta PAI programa geldiarazi ordez, euskarria
eman dio. Aitzitik, euskararen irakaskuntzan eginiko aurrerapenak gutxi izan dira, eta Nafarroako
edozer etapatako ikasle guztiek euskarazko heziketa jasotzeko eskubidea gehiago da birtuala erreala
baino. 

Oraingoz, ezin ditugu sailak ezarri nahi dituen eta STEILASek premiazkotzat jotzen dituen
zenbait plan balioetsi. Hezkidetzako eta aniztasunarekiko arretari buruzko planez ari gara. Haien
zehaztapenean parte hartu ahal izatea espero dugu, eta bakoitzak bere helburuak bete ahal izateko
behar adina baliabide jaso ditzala. 

Dena den, bada albiste on bat jasotzeko aukera ere, eta zinez espero dugu hala izatea; alegia,
gobernuaren konpromisoa UPNAren urte anitzeko finantzaketa plan baterako. Horrek bermatuko du
mozketetatik aske geratu ez den etapa horretan baliabideak hobeto antolatu ahal izatea. 

Hezkuntza orain arte gobernu honen Akilesen orpoa izan dela ahobatezko iritzia da, eta gu
ere bat gatoz horrekin. Finantzaketak apenas egin du gora, eta gainera, plangintza zein kudeaketa,
erratiko samarrak izan dira orain arte (horren adibide dira bigarren hezkuntzako masterraren
akreditazioa edo orain arte ez abiarazi izana LHko ziklo berriak euskaraz). Gainera,
legegintzaldiaren bi urte hauetan, proposamenak egiterakoan, ez dituzte aintzat hartu sindikatuak. 

Lanean jarraituko dugu erabateko norabide aldaketa egon dadin eta, laster, itun berri bat eta
kudeaketa hobe bat lortzeko. Hori bai, Sailak ez badu Gobernu Hitzarmenean jasotakoa betetzen,
mobilizazioari ekingo diogu, zalantzarik gabe.

Gehiago